Azatxo saskibaloi topaketa, Aita Mari itsas salbamenduko proiektuaren alde
Ekainaren 21ean Ordizian jokatuko da VI. Azatxo topaketa. 425 umek eta entrenatzailek hartuko dute parte. Bildutako dirua Aita Mari proiektuarentzat izango da. Diru ekarpena egin dezakete herritarrek.

Badator Ordiziako VI. Azatxo saskibaloi topaketa. Aurten, ekainaren 21ean izango da. “Aurten ilusioz ospatuko dugu saskibaloi festa”, dio Ordiziako saskibaloi taldeko Arantxa Saezek. Kiroletik harago, elkartasuna da Azatxo topaketaren funtsa, eta aurten, Aita Mari gobernuz kanpoko erakundearen aldekoa izango da.
Aurtengo topaketan 425 ume eta entrenatzaile gerturatuko dira Ordiziara. Gipuzkoako bederatzi saskibaloi klubetako 38 taldek hartuko dute parte, Ordiziako taldeekin batera: Donostiako Luberri, Easo, Askatuak eta Axular taldeek, Azpeitiko Iraurgik, Legazpiko Andraitzek, Arrasateko Ointxek eta Beasaingo BKLek.
Egunean zehar, 75 partida inguru jokatuko dira Majori kiroldegian eta Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetan. Goizeko partiden ondoren, Plaza Nagusian bazkaria egingo dute denek elkarrekin. “Arratsaldeko partidak amaitutakoan, amaiera festa ekitaldia egingo da Majori kiroldegian, 19:00ak aldera”.
Ohi bezala, topaketa honetan ez dago sailkapenik, “denak dira txapeldunak. Topaketaren helburua elkartasunezkoa da, oraingoan, Aita Mari proiektuaren alde”.
Herritarrek diru ekarpena egiteko ‘0 lerroa’ kontu korrontea ireki dute: ES61 3008022510396607463.
Aita Mari, 2017tik
Aita Mari itsas salbamendu humanitarioa izeneko erakundearen proiektua, “erreskate ontzia da. 2017an txatarrera zuzenduta zegoen euskal atunontziak, gaur egun bizitzak salbatzen ditu”, argitu du Miren Iriartek. Mediterraneo Erdialdean “joan-etorrian dabiltzan pertsonen bizitza, duintasuna eta eskubideak zaintzen ditu, joan-etorrian erabiltzen diren migrazio bideetan. Bide seguru eta legalak defendatzen ditugulako”.
Aita Mari sortu zenetik 15 misio eraman dira aurrera. Aurten, uztailean 16.a egingo da. Bide honetan 1.500 pertsona erreskatatu izan dira.
Aita Mari itsasontzian joaten direnak marinel profesionalak (10 kide) eta erreskateak egiten dituzten boluntarioak, erizainak, medikuak eta kazetariak izaten dira.
Behar handiak
Misio bakoitza aurrera eramateko behar handiak daude. Itsasontziaren mantenimendua, gasolioa, janaria, mantak, erreskatatzen dituztenei ematen dien motxilatxoa arropa lehorrarekin.
“Zergatik egiten dugu hau? Uste dugu denok daukagula eskubidea bizitzeko nahi dugun tokian. Pentsatzen dugu mugak libreak izan behar direla eta denok izan behar dugula nahi dugun tokian bizitzeko eskubidea”. Era horretan Iriarte, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 13. artikuluak gogoratu du: “Pertsona orok du askatasunez zirkulatzeko eta estatu batean lurraldean bizitza aukeratzeko eskubidea. Eta pertsona orok du edozein herrialdetatik irteteko eta itzultzeko eskubidea”.