Nagusilan, beste 25 urte egiteko prest
Gaurko boluntarioak omenduz eta izan direnak gogoratuz, nagusien ondoan egindako 25 urteak ospatu ditu Legazpiko elkarteak.

Legazpiko Nagusilan elkarteak 25 urte egin ditu nagusien ondoan boluntario lanetan, eta joan den ostiralean izan zuen ospakizunen egun handia. Kultur Etxean egindako ekitaldi instituzionalak ireki zuen festa eguna, eta Aitxuri jatetxean egindako bazkariarekin eta bazkalondoarekin izan zuen jarraipena.
Kultur Etxeko ekitaldian elkartearen 25 urteak errepasatu zituzten, eta ibilbide horretan lanean jardun duten boluntarioak jarri zituzten erdian, azkenaldian hildakoak gogoratuz eta urteetako jarduna aitortuz askori. Boluntarioen laguntza jasotzen duten Garagunek, Eguneko Zentroak eta Santikutz egoitzak ere jaso zuten elkartearen aitortza. Udal ordezkariak ere baziren ekitaldian, eta egiten duten lana eskertu zieten boluntarioei. Musika ere izan zen tartean, Eli Gordoa musikariak eta musikoterapeutak jarritakoa.
Kultur Etxeko ekitaldia amaitutakoan, taldeko argazkia atera zuten kanpo aldean, eta triki-poteoa labur baten ondoren, bazkarian elkartuko ziren Aitxuri jatetxean, eta topaketa iluntzean amaitu zuten, Legazpiko pertsona nagusiekin beste 25 urte lanean jarraitzeko asmoa agertuz.