60. San Martin txirrindularitza proba bertan behera geratu da
Hainbat arrazoi direla medio hartu dute erabakia. Denboraldia amaitu baino lehen egutegian lekua egiten saiatuko direla adierazi dute.

Bertan behera geratu da igande honetan jokatzekoa zen ohiko 60. San Martin txirrindularitza proba; eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindularitzaren topaleku izaten zenak ez du asteburu honetako egutegian behintzat, lekua hartuko.
Gaur goizean jakinarazi du Agauntza Kirol Elkarteak, komunikabideetara bidalitako oharrean. Diotenez, arrazoi desberdinak egon dira erabakia hartzera bultzatu dutenak: Urkillagako konpontze-lanen atzerapenek, azken egunotako euriteek ibilbidean zehar eragindako kalteek, edota Beasain eta Ordizia artean egingo dituzten errepide mozketek, besteak beste. Hala ere, adierazi dute ez dela “behin betiko” erabakia izango: “Saiatuko gara denboraldia amaitu baino lehen lasterketari egutegian lekua egiten”.
Eskerrak eman dizkiete aurrez igandean laguntzeko prest azaldutako herritar, boluntario zein elkarteei. Baita Udalari ere.