Burdinolak hainbat proposamen egin ditu astebururako
Encarna Urmeneta gogoratzeko pintura erakusketa eta Doinua musika eskolako ikasle helduen kontzertua antolatu ditu San Migel baselizan, eta garai bateko belar lanen erakustaldia egingo du Telleriarten, auzotarren eskutik.

Legazpiko Burdinola elkarteak proposamenez bete du ekaineko asteburu hau, eta Telleriarte auzo aldera joateko gonbidapena luzatu die legazpiarrei datozen egunetarako. Batetik, San Migel baselizan margo lanen erakusketa bat eta kontzertu bat antolatu ditu, eta bestetik, Telleriarten bertan eta auzoko San Joan jaien barruan, belar lanen erakustaldia egingo du, eguraldiak laguntzen badu.
Encarna Urmeneta zena eta Doinua musika eskolako ikasle helduak izango dira San Migeleko protagonistak, eta auzotarrak Telleriarteko erakustaldia egingo dutenak.
Encarna Urmeneta gogoratzeko erakusketa
Oso ezaguna zen Encarna Urmeneta Legazpin. Iazko azaroan hil zen 91 urte zituela, eta orain gogoratu eta omendu egingo dute bere artelanen bidez. Haren familiaren ekimenez eta Burdinola elkartearen babesarekin, Arkatzaren pintura eskoletan egindako lanak jarriko dituzte ikusgai San Migelen. Bihar inauguratuko dute erakusketa, eta igandera arte egongo da ikusgai: ostegunean eta ostiralean 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatean eta igandean 11:00etatik 14:00etara.
Arkatzako irakaslea eta margolaria den Dani Uribe-etxebarriak aurkeztuko du erakusketa bihar, 18:00etan. Urmenetaren irakaslea izan zen, eta haren profil artistikoaz hitz egingo du, erakusketan jarritako lanak azaltzearekin batera. «Encarna beti zegoen gauzak probatzeko prest, proposamen guztiei irekita zegoen», gogoratu du. Erakusketan, olioa, akuarela eta beste material batzuekin egindako 30 lan inguru jarriko dituzte, tamaina ertainekoak, eta gai askotakoak, «baina loreak izango dira nagusi, loreak zirelako bere pasioa». Erakusketa horretan hainbeste maite zuen familiaren txabola ere agertuko da, hiru koadrotan margotuta.
Iazko ekainean Mari Carmen Ibañezen lanak jarri zituzten ikusgai San Migelen.
Musika emanaldia
Erakusketa honi laguntzeko, musika emanaldia ere izango da San Migel baselizan. Azken urteetan, Doinua musika eskolako ikasleei aukera ematen die Burdinolak kontzertu areto berezi horretan jotzeko, eta aurtengo saioa larunbatean izango da, hilak 21, 12:00etan.
Oraingoan, ikasle helduek joko dute, eta horien artean izango dira gitarra eta akordeoi folk taldea, Ai Ze taldea, gitarra taldea eta kantuko ikasleak.
Belar lanak
Burdinolak proposatutako ekintzen zerrenda ixteko, igandean belar lanak egingo dituzte Telleriarten, bertako Arrizabala elkarteak bultzatuta. Lehen baserrietan egiten ziren belar lanen erakusketa bizia izango da, auzoko San Joan jaien barruan. Iazko jaietan ziren egitekoak, baina eguraldiagatik bitan geratu zen bertan behera erakustaldia.
Aurten, dena ondo bidean eta eguraldia lagun bada, 10:00etan hasiko dira lan horiekin. Eta egingo dituzten lanak hauek dira: belarra ebakitzea, buelta ematea, jasotzea, idiekin eta bizkarka karreatzea (belar karreoa), zugatza edo meta egitea, eta sega pikatzea.
Bitartean, belar lanei Julian Auzmendik 1980ko hamarkadan ateratako argazkien erakusketa egongo da ikusgai Uztarri elkartearen azpiko lokalean, eta asto batek tira egindako gurdi bat ibiliko da hara eta hona haurrak gainean eramaten.