Loinatz jaiak pasata balorazioa egin du Asanblada Feministak
Festetan izandako eraso matxistaren modukoak ez dituzte egoera isolatu bezala ikusten, emakumeek egunerokotasunean jasan behar izaten dituzten jazarpenen ondorio bezala baizik.

Beasaingo loinatzak igarota, Beasaingo Asanblada Feministak festen inguruko balorazioa egin du. Emakumeek «sistematikoki» pairatzen dituzten «jazarpenaren eta zapalkuntzaren baitan» kokatzen dituzte «herriko jaietan izan diren eraso matxistak, salaturiko edo salatu gabeko erasoak», emakumeek jaiak «lasai eta aske gozatzea galarazten dutena».
Aurtengo jaietan, bigarren asteburuko igande goizaldean gertatutakoaren harira nabarmendu dute, «baikortasunez» ikusten dutela «gizarte mailan egoera hauek guztiak azaleratzen ari direla, eta jadanik, ez onartzeaz gain, salatzen ere hasiak direla». Baina aldi berean, nolabaiteko kezka ere adierazi nahi izan du Beasaingo Asanblada Feministak, horrelako salaketen inguruan sortzen diren «txutxumutxuak, diskrezio ezak, edo salaketak berehala kaleratzeko premiak» direla eta. «Horrek guztiak biktimarengan sor dezakeen birbiktimizazioa izugarria da», adierazi dute prentsaurrean.
Bestalde, eraso hauek ez dituzte egoera isolatu bezala ikusten, emakumeek egunerokotasunean jasan behar izaten dituzten jazarpenen ondorio bezala baizik. Horregatik, gizarteari borroka feministara batu dadin dei egin diote, «sistema iraultzeko eta bertan errotuak dauden eraso matxista guztiak desagerrarazteko».
Eta udako jaiak bata bestearen segidan datozen honetan, aurrez aldarrikatu zuten gisan, «koktel feminista dastatzeko gonbita» egin dute, «plazera eta desioari tokia eginez, tratu onak praktikatuz, ligoteo sanoarekin, bazterrak gorpuztuz baina gorputzak baztertu gabe, zaintza arduratsuak bermatuz, askatasunez jokatuz eta LGTBIQ+ erasoen aurrean garrasi eginez».