Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia jarriko du Mutiloako sanpedrotan
Ekainaren 26tik 29ra ospatuko dituzte San Pedro jaiak. Zerbitzu bereziak ekainaren 27an, ostirala, eta ekainaren 28an, larunbata, izango dira. Egitaraua ere prest dute dagoeneko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketarako departamentuak jakitera eman duenez, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko dituzte Mutiloako San Pedro jaietan, Mutiloako Udalak egindako eskaerari erantzunez.
Ekainaren 26tik 29ra ospatuko dituzte San Pedro jaiak Mutiloan, baina zerbitzu bereziak ostiralean eta larunbatean soilik izango dira, “jaiez gozatu nahi duten pertsonek modu jasangarri, eroso eta seguruan gozatu ahal dezaten”.
Azahara Domingez diputatuak jakinarazi duenez, “horrelako ekitaldietan garraio publikoa indartzeak herritar guztiei aisialdirako sarbidea bermatzea ahalbidetzen du, norberaren autoa duten ala ez alde batera utzita, eta segurtasuna indartzeko funtsezko neurria da, bereziki gazteen artean”. Herri txikienetan garraio publikoaren bidezko konexioa bermatzea “herri horiek bizirik mantentzeko modu bat” ere badela azpimarratu du.
Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak mota honetako zerbitzuak “ezinbestekoak” direla adierazi du beraiena bezalako herri txikietan: “Jendeari arriskurik gabe mugitzeko aukera eskaintzen diolako. Horregatik uste dugu horrelako zerbitzu bereziak mantendu eta indartu egin beharko liratekeela, eta interesgarria litzateke beste esparru batzuetara zabaltzea, jaietan egiten den bezala”, amaitu du.
Ekainak 27, ostirala:
- Lazkaotik (Hirigoien); 19:30ean, 20:00etan, 20:30ean eta 23:00etan abiatuta, eta honako ibilbide honekin: Ordizia (Renfe) 19:40an, 20:40an eta 23:10ean; Beasain (Renfe) 19:50ean, 20:20an, 20:50ean eta 23:20an; Idiazabal (eliza) 20:00etan, 20:30ean, 21:00etan eta 23:30ean, eta Mutiloara hamar minutu geroago iritsiko dira.
- Zegamatik (plaza); 19:30ean, 21:30ean, 00:10ean eta 02:30ean abiatuko diren autobusak ere egongo dira, honako ibilbide honekin: Segura (plaza) 19:40an, 21:40ean, 00:20an eta 02:40ean, Zerain (Markesina) 19:50ean, 21:50ean, 00:30ean eta 02:50ean, eta hamar minutu geroago iritsiko dira Mutiloara.
- Mutiloatik Lazkaorako irteerak 00:40, 3:00 eta 4: 45ean izango dira eta Zegamarako norabidean 23:40, 02:00 eta 04:00etan.
Ekainak 28, larunbata:
- Lazkaotik: 21:30ean eta 23:00etan.
- Zegamatik: 22:30ean, 00:10ean eta 2: 30ean.
Zerbitzu horiek aurreko eguneko ibilbide berak izango dituzte.
- Itzultzeko, Lazkaorako irteerak 00:40, 03:00 eta 04:45ean izango dira, eta Zegamarantz 23:40, 02:00 eta 04:00etan.