Bihar jaitsiko da Txerri gorria Mutiloara, San Pedro jaien iragarle
Bihar hasi eta lau egunez luzatuko dira San Pedro jaiak. Biharko paella janean 80 bat herritar elkartuko dira eguerdian. 25 sagardo dastatzeko aukera, 31. sagardo dastaketan.

Txerri gorriak ez du hutsik egingo aurten ere Mutiloako San Pedro jaietan. Bihar eguerdian jaitsiko da udaletxeko balkoira eta orduan emango diote hasiera lau egunetan zehar luzatuko festari. Biharkoa «herritarrentzako eguna» izango da Iñaki Ugalde alkateak esan duenez. Txerriari ongi etorria egin eta gero, pella jana izango dute 80 bat herritarren parte hartzearekin. Arratsaldean, berriz, sanpedroetako klasiko bat: tortilla patata lehiaketa. Oraindik izena emateko epea irekita dago, «gehienez 22 bikoterentzat dago lekua eta dagoeneko 14 batek emana dute izena». Lehiaketa amaitutakoan tortilla pintxoak banatuko dituzte bertaratutakoen artean eta ardoa ere izango da laguntzeko. Toka lehiaketak eta Ostola eta Narbaiza trikitilarien saioak osatuko dute lehenengo eguneko egitaraua.
Ostiralean, 31. sagardo dastaketa izango da 20:00etan. Aurten, «Gipuzkoa osoko 25 sagardotegitako sagardoak izango dira aukeran, baita Goierrikoak ere». Taloak eta pintxoak eta oilasko errea ere izango dira nahi duen guztiarentzat. Ohitura denez, zeraindarrak plazan elkartu (19:15) eta oinez joango dira Mutiloara. Hamarru elektrotxarangak girotuko du dastaketa eta ondoren, Joselu Anaiak taldea eta Dj Jaliskok jantziko dute musikaz gaua.
Gipuzkoa osoko 25 sagardotegitako sagardoak izango dira aukeran, baita Goierrikoak ere
Haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte larunbatean, 17:30etik aurrera. Ordu berean emango diote hasiera bola lehiaketari eta sariak izango dira lehenengo eta bigarren sailkatuarentzat eta herriko onenarentzat. Gauean, herri afarian 100 bat pertsona espero dituzte, «jendetsua izaten da urtero», dio alkateak. Plazan izango da afaria, «aurten karpa ere erosi dugu eta eguraldi txarra egiten badu ere plazan egiten saiatuko gara». Egunari amaiera emateko Balantza eta Egurra ta Kitto taldeen kontzertuak izango dira plazan bertan.
Haurrentzako ekintzak
Igandean ospatuko dute jaietako egun handia, San Pedro egunean. Ohiko meza nagusiarekin hasiko da eguna eta haurrentzako makina bat ekintza izango dira ondoren. Oreka eskolaren eskutik zirku erakustaldi irekia izango da plazan. Amaitutakoan, Izarretan Dantzan dantza modernoko ikasleen dantza erakustaldia ere bai. 13:00etan, ohiko txakolin dastaketa izango da eta urtero bezala, «Beñat Telleria mutiloarraren gaztak probatzeko aukera ere bai»; Iker Sukia eta Aritz Markinezekin erromeria giroan.
Kirol saioak ere ez dute hutsik egiten San Pedro jaietan. Arratsaldean, herri kirolak izango dira hasteko. Aizkoran arituko dira Karmele Gisasola, Ioritz Gisasola, Joseba Otaegi eta Oihana Fernandez de Barrena. Eta Lierni Osa eta Ainitze Zumeta, berriz, harri jasotzen. Herri kirol saioa amaituta Mutiloako eta Segurako pilotari gazteen pilota partidak izango dira. Mikel Ugalde eta Jon Urdangarin, Aiur Muñoa eta Ander Zabaletaren aurka arituko dira aurrena eta Enetz Muñoa eta Ander Iturbe, Aratz eta Kaiet Alustizaren aurka, ondoren. Iker Sukia eta Aritz Markinezen musikaz lagunduta amaituko dira jaiak eta agurtuko daTxerri gorria hurrengo urtera arte.
Egitaraua
Bihar, osteguna
- Eguerdian: Txerriaren jaitsiera udaletxeko balkoira.
- 14:30: Paella jatea. Ondoren, Ostolaza eta Narbaiza trikitilariak.
- 18:30: Tortilla patata lehiaketa.
- 20:00: Toka lehiaketa.
- Iluntzean: Ostolaza eta Narbaiza trikitilariak.
Ekainak 27, ostirala
- 20:00: Sagardo dastaketa Hamarru elektrotxarangarekin.
- 22:30: Joselu Anaiak taldearen kontzertua.
- Ondoren: Dj. Jalisko
Ekainak 28, larunbata
- Eguerdian: Bazkaldu aurreko poteoa.
- 17:30: Haurrentzako puzgarriak.
- 17:30: Bolo lehiaketa.
- 21:00: Herri afaria.
- 23:30: Kontzertuak Balantza eta Egurra ta Kitto taldeekin.
Ekainak 29. igandea
- 11:30: Meza nagusia.
- 12:00: Zirku erakustaldia plazan, Oreka eskolaren eskutik.
- 13:00: Izarretan Dantzan dantza modernoko ikasleen erakustaldia.
- 13:00: Txakolin dastaketa eta Beñat Telleriaren gaztak probatzeko aukera. Erromeria giroa Iker Sukia eta Aritz Markinezekin.
- 18:00: Herri kirolak. Aizkora eta harri jasotzeko erakustaldiak.
- 18:45: Pilota partidak, Mutiloako eta Segurako pilota gazteen eskutik.
- Ondoren: festei amaiera emateko erromeria giroa Iker Sukia eta Aritz Markinezekin.