'Azpijokoa Azpiazun', Iñaki Dorronsororen lehen eleberria
Ataundarrak uztailaren 4an aurkeztuko du Donostian Erein argitaletxearekin atera duen liburua.

Iñaki Dorronsoro Maiozek (Ataun, 1994) idazleak bere lehen eleberria ondu du: Azpijokoa Azpiazun. Bihar zortzi, uztailaren 4an, aurkeztu du liburua Donostiako Udal Liburutegian. Erein argitaletxearekin atera du.
Liburuaren fitxak dioenez, erdi ataundartzat erdi orexartzat du bere burua Dorronsorok, eta EHUn eta Pasaiako Itsas Eskolan egin ditu ikasketak, batzuetan baita bi aldiz ere.
Bergarako Idazle Eskolan aritua da, bi ipuin labur ditu argitaratuak 7K astekarian (Ezkutuan, 2022, eta Jon Zaharra, 2023).
Sinopsia
«Ate kolpeek esnatu ninduten. Enkajezko gortinatik sartzen zen argia ikusita, artean iluna behar zuen, farola bakartiak eta neoizko argiak bakarrik esna, kaleetan. Beno, eta atea gero eta gogorrago jotzen ari zen kondenatua».
Honela hasten da esku artean duzuen kasua. Lapurretak, ustelkeria, lagun baten hilketa eta galipotezko kafe beroa, osagai nahikoa abentura ilunenetarako: zer ari zaio gertatzen Azpiazu auzoari?
Isiltzen ez dakien kazetari bat eta detektibe zaildua, hauexek izango dituzue bidaide. Miren eta Alfontso. Alfontso eta Miren.
Jantzi sonbreirua, hartu ohar bloka eta murgil zaitezte gurekin kale ilunetan, arratoien eta kriminalen artean, estolda zuloaren amaieraren bila.
Ongi etorri gure hirira, populazioa: atzokoa ken bat.