San Pedro jaien azken eguna Mutiloan
Zirku erakustaldia, dantza emanaldia eta txakolin zein gazta dastaketa egin dituzte goizean. Arratsaldean herri kirolak eta pelota partiduak ikusteko aukera izango da.

Gaur emango zaie amaiera San Pedro jaiei Mutiloan, eta ekintza ugari antolatu dituzte egun osorako. Goizeko mezaren ostean, zirku erakustaldia egin dute Oreka eskolako kideek herriko plazan. Ondoren, 13:00etan, ‘Izarretan dantzan’ dantza moderno emanaldia egin dute herriko haur eta helduek. Goizari amaiera emateko, txakolinaren eta Beñat Telleriaren gazten dastaketa egin da, Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilariek giroa alaitu duten bitartean.
Arratsaldean jarraipena izango du festak. 18:00etan aizkolarien eta harrijasotzaileen erakustaldia egingo da. Aizkolarien artean Karmele Gisasola, Ioritz Gisasola, Joseba Otaegi eta Oihana Fernandez de Barrena ariko dira. Harrijasotzaileen artean berriz, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta. Ondoren, 18:45 pilota partiduen txanda izango da. Mikel Ugalde eta Jon Urdangarin, Aiur Muñoa eta Ander Zabaletaren aurka ariko dira. Bigarren partiduan, berriz, Enetz Muñoak eta Ander Iturbek, Aratz eta Kaiet Alustizaren aurka jokatuko dute. Arratsaldean ere Sukia eta Markinez trikitilariekin erromeria izango da.









































