Eneko Dieguez Quartet Igartza Musika Zikloari jarraipena emateko
Ostegunean izango da, Erauskin plazan, 20:00etan.

Igartza Musika Zikloaren bigarren sei hilabetekoari hasiera emango dion kontzertua izango da bihar, 20:00etan Erauskin plazan. Eneko Dieguez Quartet lau musikari gaztek osatutako taldea da, 2021ean sortua. Ordutik, oso parte-hartze aktiboa izan dute Euskal Herriko eta inguruko Jazzaren eszenan. Taldearen estiloa oso pertsonala da, eta bere errepertorioak konposizio originalak biltzen ditu, jazz modernoaren estetikaren barruan. Hala ere, beste eragin asko jasotzen ditu, tartean hip-hopa, XX. mendeko musika klasikoa eta euskal folklorea.
Zuzenekoetan askotariko paisaiak eskaintzen dituzte, oso giro intimo eta delikatuetatik hasita, intentsitate eta bizitasun handikoetaraino. Ondorioz, emanaldi bakoitza oso desberdina da energiari dagokionean eta kontzertu batek ez du zer ikusirik bestearekin.
Duela gutxi, Amsterdamgo Keep an Eye lehiaketa ospetsuan, bakarlari onenaren saria irabazi zuen bertan Eneko Dieguezek. Bestetik, 2024ko Jazzon Aretoaren Impulso programako egoiliarrak izan dira, eta horren bitartez grabatuko dute estreinako diskoa.