Gaurtik aurrera udako ordutegia izango dute Lazkaoko udal zerbitzuek
Udala eta liburutegia goizez egongo dira erabilgarri. Kiroldegia bost egunez goizeko 7:00etatik 22:00etara, jaiegunetan eta larunbatetan izan ezik. Igerileku estaliak igande eta jaiegunetan itxita egongo dira eta estali gabekoa asteko egun guztietan izango da eskuragarri.

Uztailaren 1ean gaude, eta hemendik aurrera Lazkaoko udal zerbitzuek udako ordutegi berezia izango dute, herritarren beharretara hobeto egokitzeko eta sasoi honetan ere kalitatezko arreta bermatzeko. Udalak herritar zein erabiltzaileei aldaketa hauek guztiak kontuan izateko eskatu die bisitak planifikatzerakoan, udal zerbitzuez modu egokian erabili eta disfrutatu ahal izateko.
Lazkaoko Udala eta liburutegia, esaterako, goizez bakarrik egongo dira zabalik. Udalak irailaren 15era arte, astelehenetik ostiralera bitarte, 8:00etatik 15:00etara goizez etenik gabe eskainiko du zerbitzua, eta liburutegiak, berriz, 9:30etik 13:00etara. Azken hau abuztuan itxita egongo da, eta irailean jarduerari berriro ekingo dio: hilaren 1etik 5era goizez irekiko da, eta 8tik aurrera berriro ere arratsaldez.
Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegia ere uztailean irekita egongo da astelehenetik ostiralera, goizeko 7:00etatik gaueko 22:00etara bitartean. Larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, ordutegia murritzagoa izango da, eta lazkaotarrek 9:00etatik 20:30era bitarte gozatu ahal izango dituzte kiroldegiko eskaintzak.
Igerilekuei dagokienez, igerileku estalia astelehenetik ostiralera 7:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 9:00etatik 13:00etara egongo da irekita, igande eta jaiegunetan itxita egongo delarik. Estali gabekoa, ordea, asteko egun guztietan egongo da eskuragarri, astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:30era.