Hasi dira Uztalai udalekuak
Legazpiko haurrek goizak beteta izango dituzte gaurtik hilaren 24ra arte. Guztira 252 haurrek parte hartuko dute udalak antolatutako aisialdi jarduera honetan, 21 taldetan banatuta.

Uztailaren lehen egunarekin batera hasi dira aurten Uztalai udaleku irekiak. Udalak egindako deialdiari erantzun zioten 252 haurrek 09:30ean zuten hitzordua gaur, eta txintxo-txintxo agertu dira guztiak, datozen asteetako goizak igarotzeko egokitu zaizkien begiraleak eta kideak ezagutzeko. Euskal Herria plaza, Latxartegi eta Agirre-Etxeberri plarkeak eta Azoka izan dira topalekuak, ahal den guztietan toki horietan, aire librean gauzatuko delako udalak antolatutako aisialdi jarduera hau.
Gaur hasita eta hilaren 24ra arte, herriko haurrek astelehenetik ostiralerako goizak era askoko ekintzez, jolasez eta festez beterik izango dituzte, beti ere euskara ardatz dutela.
252 haur, 22 begirale eta zuzendaria
Aurtengo Uztalai udalekuetan herriko 252 haurrek parte hartuko dute, 21 taldetan banatuta. HH-2tik LH4ra bitarteko haurrak dira, hau da, 2016tik 2022ra bitartean jaiotakoak. Horien zaintzarako eta egingo dituzten aisialdi jarduerak gidatzeko udalak 22 begirale kontratatu ditu. Zuzendaritza eta koordinazio lanaz, berriz, Lorratz elkarteak izendatutako pertsona arduratuko da.
Uztalai hasi aurretik, begiraleak bi egunez elkartu dira eta ekintza egitaraua prestatu dute, eta horren berri astez aste joango dira ematen, udaleku hauetarako espresuki sortutako webgunean.
Legazpiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako jarduera da Uztalai.