PSE-EEk G007 autobus linea berria babesteko mozioa aurkeztu du Beasaingo Udalbatzan
Beasaingo Udalak onartu egin du PSE-EEk ekaineko osoko bilkuran aurkeztutako mozioa, G007 autobus linea berriari buruzkoa, zerbitzua positiboki baloratzen duena. Autobus linea horrek egunero lotzen ditu Goierri garaia, Goierri behea eta Donostia eta herritarren mugikortasuna «nabarmen hobetu» duela dio, apirilaren 28an martxan jarri zenetik.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak, Azahara Dominguez sozialistaren zuzendaritzapean bultzatutako ekimen honek tokiko eskaerei egokituta garatu du zerbitzua, Legazpiko lotura eta ordutegi aldaketak barne. Gaur egun, batez beste 100 erabiltzaile izaten ditu egunero, ikasleak eta langileak gehien bat, eta 4.300 bidaia baino gehiago egin dira Beasain abiapuntu edota helmuga izanda, bidaia guztien %24a.
Beasaingo PSE-EEk osoko bilkuran aurkeztutako mozioan azpimarratzen denez erakundeen arteko lankidetzaren emaitza izan da zerbitzua martxan jartzea. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen zaio erabilerari buruzko datu objektiboak Beasaingo Udalarekin batera azter ditzala.
Tren zerbitzuari arreta
EH Bilduk abstentziora jo zuen, zerbitzua «oso positiboki» baloratu badute ere, «orokorkeria eta zehaztasun gutxi» duen mozioa dela uste dutelako. Zentzu horretan GFAn eztabaidatutako puntuak sartzen saiatu ziren, baina «PSE-EEk ez zituen onartu».
Gaia atera izana baliatu zuten, gogoratzeko, tren zerbitzua ere hortxe dagoela, «oraindik ere arazo asko dituena», eta horrek ere «arreta jartzea merezi» duela «kalitatezko zerbitzu merke eta duin bat izateko».