«Zaila izango da berarekin daukagun zorra kitatzea»
43 liburu eta 500dik gora artikulu utzi ditu Azurmendik. Jakintzari eta pentsamenduari eskaini zion bizitza osoa. Berak hala eskatuta, ez da hilbeilarik, hileta ekitaldirik edo omenaldirik izango. Lorea Agirre 'Jakin' aldizkariko zuzendari beasaindarrak hari buruz hitz egin du.

Joxe Azurmendi Otaegi euskal pentsalari, idazle, filosofo, saiakera egile eta poeta zegamarra hil da Donostian, uztailaren 1ean, 84 zituela. Askatasunaren aldeko pentsalaria, idazle kolosala, filosofo totala eta guztiaren gainetik, pertsona apala zela dio Azurmendiri buruz galdetuta Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendariak. «Joxe azken hamarkada luzeetan Euskal Herrian sortu den pentsalari handienetako bat da. Euskal Herrian sortu dena eta Euskal Herriaren alde pentsatu eta ekin duena. Zaila izango da berarekin daukagun zorra kitatzea», gaineratu du Agirrek.
Pentsalari zegamarraren ibilbide intelektuala Arantzazun frantziskotarrekin hasi zen. Gero, 60ko hamarkada erdian Europan barrena jarraitu zuen, bereziki Alemanian —urte luzez bizi izan zen bertan—, frankismoa amaituta, berriz, Euskal Herrira itzuli zen arte. «Idazle kolosala izan da: 43 liburu eta 500dik gora artikulu utzi ditu 45 argitalpen ezberdinetan», dio Agirrek. Azurmendik bizitza osoa eskaini zion Euskal Herriaren etorkizunaren gainean pentsatzeari, «oinarriak jarri eta eztabaidak ireki zituen».
Agirrek Azurmendi pentsalari totala ere bazela dio: «filosofiaren auzi guztiak jorratu zituen: etikoak, gizatasunaren gaineko galdera handiak, gai sozialak, politikoak —nazioaren gaineko teorizatzaile handienetako bat da mundu mailan—, hizkuntzaren gainekoak, erlijiosoak edo teknologiak eta zientziak gizakiarengan duen eraginean», besteren artean. Pentsamendu «irekiko» pertsona zen Azurmendi: «Erabat antidogmatikoa, erabat antiesentzialista». Horregatik, «ikaragarrizko gaurkotasuna du bere pentsamenduak. Beste pentsamendu, ideia, balio eta borroka emanzipatzaileekin lotu, garatu eta elikatu zuen bere pentsamendua eta horregatik zaigu hain erabilgarria eta hain beharrezkoa oraindik ere Joxe Azurmendi».
Azurmendi zegamarra
Zegama jaioterria 10-11 urterekin utzi zuen arren, Zegamarekiko «atxikimendu handia» zuen Azurmendik. «Berak zioen menditarra zela, ez itsastarra Grezia klasikoko filosofo haiek bezala. Zegamara joaten zenean, Aizkorri autoritate bat bezala ikusten zuela kontatzen zuen», dio Agirrek. Pertsona alaia, interesgarria, ironikoa eta zorrotza zela dio Agirrek, baina guztiaren gainetik bere apaltasuna nabarmendu du: «Plazera zen harekin hitz egitea».
Beste aitortza askoren artean, 1993an, EHUko Filofosia Modernoko katedradun izendatu zuten. 2010ean, ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak eta 2018an, Jakin taldearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen. Hain zuzen, Eider Mendoza diputatu nagusiak «samina eta atsekabea» adierazi ditu Azurmendiren heriotza dela eta. «Haren lan agortezinak gogorarazten digu zer nolako garrantzia duen euskal pentsamendu propio bat garatzeak. Egun bizi ditugun sustraiko eraldatzeen aurrean, Joxe Azurmendiren lana izango da itsasargi nagusietako bat», amaitu du.