Kontseiluaren ustez "euskaltzaletasun garaikidearen zutoinetako bat" izan da Joxe Azurmendi
"Mundua euskaratik eta euskaraz osatzeko oinarriak jarri zizkigun egungo eta etorkizuneko euskaldunoi", adierazi du.

Euskalgintzaren Kontseiluak atsekabea adierazi nahi izan du Joxe Azurmendi Otaegi pentsalari, idazle eta euskaltzale konprometituaren heriotzagatik. Eta, bide beretik, esker ona adierazi nahi dio “euskararen normalizazioari eta euskaltzaletasunari egindako ekarpen emankorrarengatik”.
Kontseiluaren esanetan, Azurmendik, 56ko belaunaldiko beste kide batzuekin batera, euskararen auzia oinarrizko eta egiturazko auzia dela ulertu eta ulertarazten lagundu zuen, euskaltzaletasun garaikidearen zutoinetako bat ezarriz. “Halaber, mundua euskaratik eta euskaraz osatzeko oinarriak jarri zizkigun egungo eta etorkizuneko euskaldunoi”.
Euskal hiztun komunitatea “larrialdi egoera hartatik pizkunde berri batera eramateko konpromisoa adierazi eta egikaritu” zuen. Jakin Taldea, Elkar, Argia, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskaltzaindia eta beste hamaika egitasmoren parte eta bultzatzaile izan zen.
“Euskalgintzaren iparretako bat joan zaigun arren, bere ideiek gurekin jarraituko dute. Ez alperrik, ezaugarri eta erronka berrituekin bizi dugun larrialdi linguistikotik indarraldi berri bat artikulatzeko konpromisoan berresten gara gu ere”, dio Euskalgintzaren Kontseiluaren oharrak.