Joxe Azurmendi filosofo eta pentsalari zegamarra hil da
Atzo hil zen, uztailaren 1ean, Donostian. 40 liburutik gorako obra utzi du.

Joxe Azurmendi filosofo, pentsalari eta idazle zegamarra hil da. Atzo hil zen, uztailaren 1ean, Donostian. 1941eko martxoaren 19an jaio zen Zegaman, eta bere ibilbide intelektuala Arantzazun hasi zen, frantziskotarrekin. 1960ko hamarkadan Europan ibili zen, Alemanian bereziki, eta frankismo ostean Euskal Herrira itzuli zen. 40 liburutik gorako obra utzi du.
Jakin Taldeko kidea zen. Taldeak adierazi duenez, haren nahiari jarraiki ez da hilbeilarik ezta hileta ekitaldirik izango. “Jakin Taldeko kide eta azken hamarkadetako euskal pentsalari emankorrena hil da, uztailaren 1ean. Euskararen, euskarazko kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko hautuak eraberritzen funtsezkoa izan zen haren pentsamendua 60-70eko hamarkadetan. Minorizazio eta zapalkuntza egoera betean, euskararen alde egitearen zentzuaz galdetu zuen, eta aldarrikatu jaiotzak ez, ekiteak egiten duela bat euskaldun; euskararen aldeko praktika jarraituak elkartzen duela diren eta izango diren euskaldunen komunitatea. Bere garaiko eta etorkizuneko euskaldunentzat pentsatu duen filosofoa joan da, eta 40 liburutik gorako obra utzi du”, zabaldu du Jakinek bere webgunean.