Peruko sukaldaritzara hurbiltzeko aukera Legazpin
Urriaren 18an ospatuko den Kulturen Arteko Egunaren atariko, ikastaro bat antolatu dute hilaren 12rako. Parte hartzeko izena eman behar da, eta igandea da azken eguna.

Legazpin urriaren 18an ospatuko den Kulturen Arteko Eguna girotzen hasteko, Peruko sukaldaritza saio bat antolatu dute udalak eta Hotz Legazpik datorren asteko larunbaterako, hilak 12. Gizarte Zentroan izango da, 11:00etan hasita. Doakoa izango da, baina izena eman behar da parte hartzeko udalaren www.legazpi.eus webgunean. Igandea, hilak 6, da azken eguna.
Saio honetan Peruko plater tipikoekin menu oso bat prestatuko dute, eta amaieran dastatzeko aukera izango da. Lehen platera hegaluze kausa izango da (causa de atun, gazteleraz), bigarrena oilo ajia (aji de gallina), eta postrea limoi oina (pie de limon); edateko txitxa morea (chicha morada) izango dute,
Legazpik 52 nazionalitate desberdinetatik iritsitako bizilagunak ditu, eta udal ordezkariek adierazi dutenez, “horrelako ekimenak funtsezko tresna dira lotura komunitarioak indartzeko, eta herrian dagoen aberastasun kulturala ikusarazteko”.
Jarduera honek Kulturen Arteko Egunaren programazioa aberastu nahi duela ere adierazi dute, “elkarren ezagutza eta kultura-aniztasuna sustatuz, gastronomia bezalako esperientzia unibertsalen bitartez”.