Berenjena da feriako izar berria
Tomate, leka eta luzoker mota berriak aurkeztu dituzte, eta lore moztuen eskaintza lirio laranjarekin osatu dute.

Berenjenak, luzokerrak, tomateak eta lekak dira Ordiziako azken ferietako izarrak, guztiak garaian-garaiko produktuak eta inguruko baratzetan geroz eta ugariagoak. Berenjenak izan dira iristen azkenak, eta gaur bertan aurkeztu dituzte urteko lehenak. Monteseko Arantxa Iparragirrek zituen salgai, baita Iñaki Intxaustik ere, kiloa 3 eta 3,5 euro artean.
Luzokerrak eta tomateak lehenagotik zeuden aukeran, baina gaur hasita mota berriak erosi daitezke. Hala, Aldaba Zahar elkartekoen postuen luzoker berezi batzuk jarri dituzte salgai, ohikoak baina finagoak, luzeagoak eta kurbatuak, 1,5 euroan bakoitza. Tomate berria, aldiz, Intxaustik aurkeztu du, Aretxabaleta motakoa eta ekologikoa, kiloa 6,5 euroan.
Leka berriak ere izan dira aukeran gaurko ferian, borobilak edo frantziarrak. Sustrai Asteak elkarteko Natalia Magallanesek zituen, eta 200 gramo 2 euroan saltzen zituen.
Tipulinak ere aipatu behar dira. Aspaldi hasi ziren urteko lehenak, baina orain udakoak ere jarri dituzte salgai Montesen postuan, gorriak eta zuriak, sorta 2,5 euroan.
Negurako landareak
Uda bete-betea da oraindik, baina landare saltzaileak hasita daude neguari begira, eta osatzen ari dira urtaro horretarako eskaintza. Landare batzuk hasita daude, eta besteak pixkanaka aurkezten dituzte. Gaur bertan, aza luzea eta borobila eta brokolia jarri dituzte salgai Montes mintegikoek, 0,20 euroan bakoitza.
Iguategikoek, aldiz, orburu zuztarrak zituzten salgai, bakoitza euro batean.
Perretxiko gutxi, lore asko
Perretxikoei dagokienez, Lasatarren posturik ez zegoen atzo oporrak hartu dituztelako, eta Felix Barcinarenean 30 kilo ziza hori eta 5 kilo boilur beltz besterik ez zituzten, ziza horien kiloa 19 eta 22 euro artean, eta boilurrena 290 euroan.
Atal batzuk eskas, eta beste batzuk bete-bete, lore sortena adibidez. Lirio laranja berezi bat aurkeztu zuten atzo Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabek, sorta 5 euroan. Postu horretan eta Zurutuzatarrenean, hortentsiak, agapantusak eta gladioloak era bazeuden aukeran.
‘Aqui la tierra’ telebista saioa
Uda garaian bisitari kopuruak gora egiten du azokan, eta gaur udalak antolatutako udalekuetan dabiltzan haur ugari ibili dira bertan posturik postu, begiraleez lagunduta.
Horiez gain, bisita berezi bat ere izan da, TVE-1eko Aqui la tierra saioko ekipo bat ibili delako erreportaje bat grabatzen garaian garaiko produktuei buruz, Aunitz Alberdi kazetari donostiarra buru zuela.