Gozo-eltzeak, Mexikoko kultura ormaiztegiarren artean zabaltzeko
Haurrak gozo-eltze mexikarra apurtzen, ostiralean Ormaiztegin.Angel Elorza Mariaje okindegiko Maria de Jesus Oterok piñata edo gozo-eltze mexikarrak jarri zituen pasa den ostiralean Ormaiztegiko plazan, bere kultura herritarrei gerturatzeko aitzakiarekin.
Otero Ordizian bizi da azkeneko 15 urtean eta lau urte daramatza Ormaiztegiko Mariaje okindegiaren kargu. Kontatu duenez, ekainaren 16an ospatu zen 7. Kulturarteko festarako egin zituen bi gozo-eltzeak alaben laguntzarekin. “Jende asko elkartu ginen eta azkenean gozo-eltzeak beste egun batean apurtzea erabaki genuen”, eta pasa den ostiralean izan zen azkenean, aukeratutako eguna.
Haurren eta herritarren artean ikusmira sortu zuten plazan zintzilik agertu ziren piñatek, “sorpresa izan zen bai haurrentzako eta baita haien gurasoentzat ere”, dio. Mexikon gozo-eltzeak apurtzeko ohitura aspaldikoa da. Batez ere, “urtebetetze festetan eta Gabonetan” jarri ohi dira, ondoren, makilekin apurtzeko. Ohituraz, gozokiz beteta egon ohi dira. Mexikoko piñatak, tradizionalki zazpi puntadunak dira, paper eta irudi koloretsuz apainduta: “Garai batekoak buztinezkoak ziren, baina gaur egun kartoia erabilita egiten dira. Mexikoko piñaten zazpi puntak, zazpi bekatu kapitalak irudikatzen dituzte”, kontatu du Oterok.
Mexikoko gozo-eltzeen inguruan jendetza bildu zen ostiralean, Angel Elorzaren argazki kamerak ondo harrapatu zuenez. Inprobisatutako festa mexikarrean bildu zituen ormaiztegiarrak, herriko aniztasun kulturalaren ispilu.
Argazkiak: Angel Elorza















