Idi Pest! jaialdia Araman, Tapia eta Leturia Banda eta Mugan taldeekin
Ostiralean, parkean izango da bigarren musika jaialdia, 20:00etan hasita. Gaztaintxota kultur elkarteak antolatu du. Jana eta edana ere jarriko dute salgai.

Idi Pest! musika jaialdia izango da ostiralean, 20:00etatik aurrera, Gaztaintxota kultur elkarteak antolatuta. Udane Arizmendiren esanetan, ostiralerako eguraldi iragarpena aldatzen ez bada behintzat, Aramako parkean, pilotalekuaren ezker hormaren atzeko aldean kokatuko dute oholtza. «Aurreko urtean euria egin zigun eta frontoian egin behar izan genuen. Nahi genuen parkera eraman kontzertua, iazko arantza ateratzeko».
Mugan
Iazko formatua errepikatuko dute eta aurten ere, bi musika talderekin osatu dute Idi Pest! jaialdia, Mugan eta Tapia eta Leturia Band taldeekin. Lehenengo Mugan taldea igoko da oholtzara, «hain ezaguna» ez den talde bat, «baina potentzial handikoa». Donostian 2019an sortutako musika taldea da Mugan. Bost urteko ibilbidean, taldeak bi disko kaleratu eta Euskal Herri osoan zehar 60 kontzertu baino gehiago jo ditu. zuzeneko disko berria aurkeztu dute.
Tapia eta Leturia Band
Oholtzara igoko den bigarren eta azken taldea, Tapia eta Leturia Band da, «ibilbide handiko musikariz osatutako taldea». Joseba Tapia trikitilariaren eta Xabier Leturia pandero jotzailearekin batera ariko dira, bateriarekin ariko da Fernando Leiza, baxuarekin Mikel Artieda eta Jose Alberto Batiz gitarrarekin.
Dohainik
Ohi bezala, dohainik izango da kontzertua. Gaztaintxotakoek txosna jarriko dute parkean bertan, 19:00etatik aurrera. Jatekoa ere eskainiko du Goxuak.
Aramara joateko autobus zerbitzu berezia
Aramara joateko autobus zerbitzu berezia jarriko du Lurraldebusek, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuaren esanetan, «beste udalerri batzuetan egiten ari» diren bezala: «Lurraldebuseko zerbitzu bereziak gaituko ditugu jai hauetaz gozatu nahi duten pertsonak modu eroso, seguru eta ingurumenarekiko errespetuan mugitu ahal izateko. Horrelako ekitaldietan garraio publikoa indartzeak aukera ematen du herritar guztiei aisialdirako sarbidea bermatzeko, norberaren autoa duten ala ez alde batera utzita, eta segurtasuna indartzeko funtsezko neurria da, bereziki gazteen artean».
Iker Irribarria Aramako alkateak gehitu du «garraio publikoa oinarrizko eta beharrezko zerbitzu publikoa» dela herri txikientzat ere: «Eskertzekoa da era honetako ekitaldiak antolatzean zerbitzu hori izatea. Honela, modu seguruan hurbiltzeko aukera eskaini dezakegu eta herri txikietan auto ugari biltzean sortzen diren arazoak ekidin ditzakegu. Beraz, inguruko herrietara gonbita egin nahi nuke musika jaialdiaz gozatzera etor daitezen garraio publikoa baliatuz».
Autobusa Zaldibiatik 19:00etan irtengo da, eta honako ibilbide hau egingo du: Ordizia (Renfe) 19:10ean, Itsasondo 19:20an, Legorreta 19:30ean, eta Arama 19:45ean. Itzultzeko, Aramatik 01:00etan irtengo den zerbitzu bat egongo da.