Ordizia, "bustita"
Ademgi elkarteak Esklerosi Anizkoitzagatik Busti Zaitez kanpainako mahaia Ordizian jarri du gaur.

Ordizia Esklerosi Anizkoitzagatik “busti” da gaur, Ademgi elkartearen Busti Zaitez kanpainarekin. Gipuzkoan egiten duen gizarteratze eta sentsibilizazio kanpainarik garrantzitsuena da.
Elkartasunezko ekimena da Busti Zaitez, eta helburu bat baino gehiago ditu. Batetik, “gizartea, gaixotasun neurologiko honek aurkezten dituen arazoez sentsibilizatzea eta informatzea”.
Bestetik, “Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteak gaixotasuna pairatzen duten pertsonentzako eskaintzen dituen birgaitze-zerbitzuak finantzatzeko dirua lortzea”. Gipuzkoan 750 pertsonek dute Esklerosi Anizkoitza. “Zirkulazioko istripuen ondoren, pertsona heldu gazteen desgaitasunaren bigarren arrazoia” da.
Busti Zaitez kanpainarekin bat egiteko modu desberdinak daude: Barrena jauregi partean Katuki Saguyakik edizio honetarako diseinatutako merchandising produktuak erostea, dohaintza egitea eta kanpaina sare sozialetan zabaltzea, Ademgi etiketatuz eta #bustizaitez2025 #mojate2025 Hashtaga erabiliz.