Izpien Txokoa itxita egongo da irailera arte
Erabiltzaileek txartelak itzuli beharko dituzte hilaren 15erako. 0 eta 3 urte bitarteko haurrei eta familiei eskainitako zerbitzu hau iazko abenduan jarri zuen martxan udalak, eta orain lehen hilabete hauetako balorazioa egingo du.
Izpien Txokoa Agirre-Etxeberri eraikinean dago.Eli Cuello Izpien Txokoak amaitu berri du denboraldia, eta itxita egongo da datozen asteetan, irailera arte. 0-3 urte bitarteko haurrei eta familiei zuzendutako zerbitzu honen erabiltzaileek hilaren 15erako entregatu beharko dituzte txartelak eta zerbitzua baloratzeko eman zaien galdetegia, Kultur Etxeko harreran, 09:00etatik 14:00etara.
Orain, datorren ikasturterako prestatuko dituzte txartelak, eta balorazioa egingo dute.
Izpien txokoa abenduaren 19an ireki zuen udalak, eta Pazko astean ezik, egunero egon da irekita 09:30etik 20:30era bitartean. Guztira 91 txartel banatu zituzten, eta horietatik %75 emakumeek eskatutakoak ziren, eta gainerakoak, gizonezkoek. Familia gehienek 0-3 urteko seme-alaba bakarra zuten, % 81ek, eta bi % 19k .
Eskatzailearen ama-hizkuntzari dagokionez, hamarretik zortzik, hau da, % 81ek, euskara dute, eta hamarretik bik (% 19) gaztelera edo beste hizkuntza batzuk. Jatorria kontuan hartuta, % 84 Euskadikoak dira, % 2 estatukoak, eta % 14 beste herrialde batzuetakoak.













