Kukue tabernaren 30 urteak ospatzeko, festa handia bihar
Gerardo Arnedok eta Joxe Blas Egañak ireki zuten 1995eko udan. Musika, jatekoa eta sorpresaren bat edo beste izango dira bihar.

Kukue tabernak 30 urte betetzen ditu, eta goitik ospatuko dute urteurrena. Biharko, uztailak 12, egun osoko festa antolatu dute, eta legazpiar guztiak gonbidatu dituzte. «Musika, dantza eta giro ederra. Garagardo pila bat. Jendea gogotik, gau giro aparta. Ezustekoak eta opariak. Etor zaitez gurekin topa egitera!» dio ospakizuna iragartzeko kaleratu duten kartelak.
Gerardo Arnedok eta Joxe Blas Egañak ireki zuten taberna 1995eko uztailaren 20an, Gurutze Conejo izan zen arduraduna urte luzeetan, eta Toño Fernandezen eskuetan dago egun. Lauren artean prestatu dute festarako egitaraua, eta lauren artean osatu dute 30 urte horien kronika.
Eguneko festa
Bihar 30. urteurrena ospatuko dute, baina 2000. urtean 25.a ospatzea zen asmoa. «Pandemiak eragotzi zigun», azaldu du Arnedok. Bost urtera iritsi da ospakizuna. «Bezeroei, bizilagunei eta langileei eskerrak ematea» da helburua, Egañak zehaztu duenez.
Festatik, zerbitzari ohien topaketa nabarmendu dute biek. «Barran txanda batzuk egingo dituzte, lehengo garaiak gogoratzeko», eta «sorpresa batzuk» ere izango direla agindu dute. Taldeko argazkian bilduko dituzte eguerdian.
Okasiorako atera duten zapia jantzita agertuko dira guztiak ziurrenik. Eta okasiorako, edalontzi bereziak ere atera dituzte Kukue 30 urte leloarekin.
Paella ere izango da, Lekanazpi elkarteak eginda, eta errazio txikiak banatuko dituzte, doan. Arratsaldean, musikak emango dio jarraipena eta amaiera festari.
Egañak nabarmendu du «eguneko festa» izango dela: «Oraingo garaiak desberdinak dira, eta gauez ez da lehen bezalako mugimendurik egoten». Tabernaren azken urteak hobeto ezagutzen dituzten Conejok eta Fernandezek arrazoia ematen die: «Orain jendea ez dabil poteoan lehen bezala, tabernara sartu eta bertan geratzen da ia gau osoa».
Orain aste barruan gaurik ez dago, lehen asteburuetan gauean egiten zen lan eta ez arratsaldean orain bezala, arratsaldea asko igo da, goizeko poteoa egiten da, igande arratsaldeetan ez dabil inor, terrazarik ez duen tabernak ez du lanik egiten… «Gauzak asko aldatu dira», adostu dute guztiek, eta horretan COVIDak eragin handia izan du.
Arnedo eta Egaña
Ostalaritzan eskarmentua zuten bi ekintzailek ireki zuten Kukue. Arnedok bi urtez eraman zuen Anaiak taberna, eta Egañak Legazpiko lehenengo Gaztetxea eta kiroldegiko taberna izan zituen. «Apustu handia egin genuen», gogoratu dute. «Jende askok esan zigun erokeria bat zela, ez zela momentua, krisi garaia zela… Zerotik hasi ginen, dirua harri azpitik aterata eta familiei eskatuta. Gaur ostalaritza dagoen bezala ikusita, ez litzateke bideragarria izango».
Lokal handia zen, obra handia egin zuten, herrian aparte samar geratzen zen… eta gaurko begiekin begiratuta, «hura, arduragabetasun hutsa» izan zela diote. Baina orduan «beste modu batera lan egiten zen, ordu asko eginda, trago asko aterata», eta egin zuten bezalako inbertsio bati buelta ematea errazagoa zen. Bi tabernari hauek lortu zuten. «Gu ezagunak ginen, eta lan asko egiten genuen, ia 24 ordu, egunero, jaiak ikaragarriak ziren… baina ondo barneratuta genuen, gurea zen, eta ez genuen hartzen sakrifizio baten moduan».
Hamar urtera Katilu taberna-jatetxea ireki zuten plazan, eta Kukueko eguneroko lanaz aldendu ziren, kudeaketarekin jarraitu bazuten ere.
Conejo eta Fernandez
Ordurako bazebilen Gurutze Conejo zerbitzari lanetan. Maiatza tabernatik zetorren, eta 2005eko jaietan hasi zen. Laster eman zioten Kukueren ardura, eta hamar urtez izan zen arduraduna, Arnedo eta Egaña oraindik kudeatzaileak zirela. Tarte batean Maialen Sotorekin batera ibili zen, Igor Iñurritegi zenarekin ere bai, eta azkenera, Fernandezekin. Duela hiru urte utzi zuen betiko Kukue.
Ordutik Toño Fernandez da arduraduna. Hasieran bi jabeekin batera ibili zen, eta iazko apiriletik, bakarrik darama negozioa. Fernandez ere jaietan hasi zen, zerbitzari estra moduan. Muru tabernan ibili zen, Urretxuko Navarron eta taberna gehiagotan gero… eta pandemiaren ondoren hasi zen finko.
60tik gora zerbitzari
Makina bat zerbitzari izan du Kukuek, 60tik gora. «Festetarako, Gabonetarako, udarako… beti behar genuen jendea. Garai batean igande arratsaldetan hiru-lau behar ziren, larunbatetan bost gutxienez…». Hasieran egon ziren Rober eta Abel Rodrigo anaiak, Aitor Lazkano, Larra, Ana Sagastizabal, Nerea Uria, Feli Arrese-Igor, Telleriarteko Mariaje… aipatu dituzte, baina Iñurri dute gogoan bereziki, laguntzeko beti prest zegoelako, baita taberna utzita zuenean ere: «Txanda asko egiten zituen!».
Zerrenda luzea da, eta saiatu dira biharko guztiak gogoratzen eta gonbidatzen, «ziurrenik» baten bat ahaztu arren. Horiei esan diete gonbidapenik jaso ez badute ere, agertzeko bihar.
Kukuek eman ditu gogoratzeko uneak ere, makina bat ekitaldi eta festa antolatu dutelako, batzuk oso berritzaileak. Drag queen festa, ile apaintzaileen erakustaldia, tatuaje eta piercing jardunaldia, sugeak, ipuin-kontaketak, bakarrizketak… eta kontzertu ugari. Gaur jarraitzen dute musikarekin, eta DJ saioak dira nagusi. «Gazteek ez dute besterik nahi!»
EGITARAUA
Kukue 30 urte. Uztailak 12
12:00: Kanpoko barraren irekiera, trikitilariek girotuta.
12:30: Zerbitzarien argazkia eta zapien banaketa.
13:00: Bertsoak.
13:30: Lekanazpi elkarteko kideek prestatutako paella pintxoak.
14:00: Musika talde sorpresa.
19:00: Kontzertua Afrika Mandeng taldearekin.
19:30: Barraren irekiera. Plata o Plomo opariak.
EGUN OSOAN ZEHAR: Hanburgesak jateko aukera HRKN Street Food-ekin.