Legazpiko alkatea World Mayor Prize 2025erako izendatu dute
City Mayors Fundazioak emandako sariak dira, eta Eric Galvez 14 herrialde desberdinetako izendatutako 15 alkateen artean dago. Pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko konpromisoa hartzen dute kontuan sarirako.
Eric Galvez alkatea eskubian herritar batekin hizketan, Leazpi Auzoetatik bisitetako batean.Legazpiko Udala Eric Galvez Alvarez Legazpiko alkatea World Mayor Prize 2025 nazioarteko sarirako izendatu dute. Sari honek tokiko liderrak aintzatesten ditu pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko konpromisoagatik, batez ere emakumeen eta adingabeen artean. Galvezek Basilea (Suitza), Bogota (Kolonbia), Bregenz (Austria), Napoli (Italia), Zagreb (Kroazia) eta Carrboro (Estatu Batuak) hirietako alkateekin partekatzen du izendapena.
Izendapen horrek 8.500 biztanle inguruko udalerri honetan egindako lanari aitortza egiten dio, gizarte-politiketan, gizarteratzean eta kolektibo kalteberei arreta ematean erreferente izatea lortu duelako.
World Mayor Sariak eta oroigarriak City Mayors Fundazioak ematen ditu 2004tik. Bi urtean behin bereizten ditu World Mayor Proiektuakm edo beren komunitateetan ekarpen nabarmenak egin dituzten eta mundu osoko herri eta hirietarako garrantzitsua den bizitzarako eta hiri-lanerako ikuspegia garatu duten alkateak. 2025eko sarirako 14 herrialde desberdinetako 15 alkate izendatuta daude, eta horien artean dago Eric Galvez Legazpiko alkatea.
Legazpiar guztien aitortza
Galvezek adierazi duenez, errekonozimendu hau legazpiar guztientzat da. “Gobernatzeko modu lasaiari, gizatiarrari eta hurbilari” egiten die erreferentzia, “herria egiteko modu bati”, eta “Legazpiren izenak urrutirago eramateko balio badu, aipamenak merezi izango du”. Eskerrak eman dizkie legazpiar guztiei, eta Amaia Aizpuruak, Miryam Galileak, Edurne Matiasek, Josu Galileak, Oscar Valbuenak eta Nerea L0pez de Herediak osatzen duen ugal gobernu taldeari, udal langileei eta ·gure lanean gure aurretik egon diren pertsona guztiei”.
Hautagaitzak bere izena badarama ere, “hurbiltasunean eta justizia sozialean sinesten duen herri oso baten ispilua” dela nabarmendu du. “Gipuzkoako txoko honetatik erakutsi dugu herri honetan besteak zaintzen ditugula, eta horregatik eredu izatea merezi dugula”. Horregatik, legazpiar guztiak zoriondu ditu izendapenarengatik, “beraien lorpena baita”.
World Mayor Prize 2025erako izendapen hau “herritarren ahalegin kolektiboari eta pertsonak, ekitatea eta gizarte-berrikuntza ardatz dituen udal-kudeaketako ereduari esker ona” dela ere adierazi du.
Inbertsio sozial handia
Legazpiko Udalak biztanle bakoitzeko inbertsio sozial handiena duten udalerrien artean kokatu duten ekimenak bultzatu ditu, erakunde espezializatuek gomendatutako estandarrak nabarmen gaindituz. Etika publikoa eta gardentasun instituzionala indartzeko ere lan egin du, eta kode etiko espezifikoak inplementatu ditu udal kudeaketako hainbat esparrutarako.
Ildo horretan, 2024an bigarren aldiz jaso zuen ELOGE zigilu europarra, kalitate demokratikoko eta gobernantzako estandar handiko toki administrazioei emandako aintzatespena.
Gizarteratzea bermatzeko programak
Udal jarduketaren barruan, gizarteratzea bermatzeko programak nabarmendu behar dira, eta horien artean daude premiazko gizarte-egoeretarako larrialdiko pisuak, haurrak eta gazteak zaintzeko doako zerbitzuak, eskola-laguntzak, belaunaldien arteko etxebizitza-proiektuak eta tokiko energia-komunitate baten sorrera, energiaren zati bat kalteberatasun-egoeran dauden etxeetarako gordetzen duena.
Neurri horien osagarri gisa, herritarrei arreta zuzena eta pertsonalizatua ematen diete, aldiro-aldiro auzoetan bertako bizilagunekin bilerak egiten dituzte eta joan-etorriak egin ezin dituzten pertsonei etxez etxeko bisitak jasotzeko aukera eskaintzen diete.













