Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretza taldeak proposatuta, Nekane Balluerka EHUren errektore ohi ordiziarrak Urrezko Domina jasoko du irailean, Jose Angel Iribar Athleticen atezain ohiarekin eta Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiarekin batera.
Nekane Balluerkarentzat, EHUren Urrezko Domina
EHUk errektore hautatutako lehenengo emakumea izan da Nekane Balluerka Lasa ordiziarra. Jose Angel Iribar Athleticen atezain ohiak eta Carlos Garaikotxea lehendakari ohiak ere jasoko dute Urrezko Domina.

Nekane Balluerka Lasa (Ordizia, 1966) EHUk errektore hautatutako lehenengo emakumea izan da eta “EHU eraldatzeko jokatu zuen rolaz baliatuta”, haren lidergoa goraipatu du EHUk.
Gainera, “errektore zela unibertsitatearen muina diren prestakuntzan eta ikerketan jauzi kualitatibo eta kuantitatibo nabarmena egin zuen EHUk: eskaintza igoz eta talentua erakartzeko programa berria sustatuz”.
Horrekin batera, Shanghai rankinean ehun postu gora egitea lortu zuen unibertsitateak, munduko 400 unibertsitate onenen artera jauzi eginez. “Lider eredugarria, langilea eta maitatua” da Balluerka “feminismoaren eta berdintasunaren alde” lan egin zuen “indarkeria matxistaren aurkako protokoloa berritu eta ez diskriminazioaren aldeko neurri aitzindariak hartuz; EHU izan zen lehenengo unibertsitatea genero ez bitarra hautatzeko aukera gehitzen ikasleen aukeretan”. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak gogoratu du, “urrezko domina lehenengoz emakume bati emango diola EHUk”.