Ander Gerrikaetxebarriarentzat izan da Ehunmilak
Beasaingo Estanda enpresa inguruan hartu dio aurrea Unai Dorronsoro beasaindarrari, helmugara iristeko azken kilometroetan. Hirugarren helmugaratu da Fidel Fernandez iazko irabazlea.

Helmugaratu da Ehunmilak probako irabazlea. Zornotzara joan da garaipena, eta Ander Gerrikaetxebarriak hartu dio Fidel Fernandez iazko irabazleari lekukoa. Gaur goizeko 11:00etan abiatu dira Beasaindik eta 02:00ak pasata heldu dira helmugara, ohiko ibilbidea baina ia 60 kilometro gutxiago osatuta. Hamabost ordu, lau minutu eta sei segundo behar izan ditu 125 kilometroko ibilbidea osatzeko. Azken momentuan lortu du garaipena, Estanda enpresa inguruan Unai Dorronsorori aurrea hartuta.
Bi minutu eskas beranduago helmugaratu da beasaindarra, podiumeko bigarren postua lortuta. Hainbatetan hartu du lasterketaren aurrea ibilbide guztian zehar, eta lasterketa ezin hobea egitea lortu du, exibizio ikusgarria emanda.
Iazko irabazleak ere eman du zer-esana lasterketan, eta gaueko podiuma osatzea lortu du. Lasterketako lider zela igaro du Tolosa, eta aurreneko postuari eustea lortu du denbora luzean zehar, Lizarrustiraino. Gutxika-gutxika atzean geratu da eta azkenerako ezin izan du iazko postu bera lortu.
Emakumeen podiuma, zabalik
93. kilometroa igaro berri dute aurreneko emakume korrikalariak. Victoria Soler espainiarrak igaro du lehen postuan, eta Eva Lizarralde oiartzuarrak, berriz, bigarrenean. Azken honek bigarren postuan egin ditu kilometro gehienak, eta podiumean egotea espero da. Chelo Velasco espainiarrak, berriz, erretiroa hartu du, kontrol-gune guztietatik lider igaro ostean; Etzegaraten erretiratu da.
G2Hko lehena, 4:50 inguruan
Goierriko Bi Haundietan, etxeko lasterkariak izugarrizko maila erakusten ari dira. 59. kilometroa igarota, Oazurtzara bidean dira. Oraingoz Ander Iñarra lezoarra lasterketaren buru izan arren, Mikel Insausti beasaindarra eta Aitor Zunzunegi legorretarra bigarren zein hirugarren postuetan dira. Podiuma nahiko zabalik dago, eta goierritarrak espero dira bertan. Aurreneko korrikalariak 4:50ak aldera plazara iristea aurreikusten da.
Emakumezkoen artean, ez da aurreneko postuetan dabilen goierritarrik. Olatz Azazeta altsasuarra indartsu dabil aurreneko postuan, eta Leire Martinez santurtziarrak zein Ane Zabala arrasatearrak jarraitzen diote. Uxua Barandiaran beasaindarra seigarren postuan da.