Euskal kultura ospatzera Estatu Batuetara
Ameriketako Estatu Batuetako Boise hiriko euskal festa erraldoia ospatzen ari direnen artean zumarragarrak eta urretxuarrak ere izango dira. Argazki galeria albistean.
Hegazkin bidaia luzea atzean utzita, euskal kultura ospatzeko gogoak eta emozioak Boise hiriaren bihotzera eraman ditu Zumarragako eta Urretxuko hainbat lagun. Boisen, bost urtean behin, festa erraldoia egiten dute, euskal doinuz eta kolorez jantzita. Aurten ere, jaialdi honen ospakizunak milaka lagun batuko ditu AEBetako hiri horretan, eta horien artean zumarragarrak eta urretxuarrak ere izango dira.
Hiri osoak hartu du euskal jaiak. Musika eta herri kirolak ez dira faltako. Uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 3ra bitartean ospatuko da, bertako kaleak giro bereziz betez: kalean dantza, pintxoak eta lagun berriak egiteko parada.
Zumarragatik eta Urretxutik inguratutako lagunei, Euskal Herritik joandako besteekin batera, harrera beroa egin die Boiseko euskal komunitateak. Aireportuan zain zituzten ongi etorria emateko.
Hurrengo egunetan, jai berezi honetaz gozatzeko parada izango dute. Asteburuan, jaialdiak bere unerik ikusgarrienak eskainiko ditu. Sports Night ekitaldiak, herri kirol modalitate desberdinak uztartuko ditu; idi probak, harrijasotzaileak eta aizkolariak tarteko. Dantza jaialdiak ere egingo dira agertoki desberdinetan, Euskal Herritik joandako talde desberdinen parte hartzearekin. Eta igandean, euskal meza nagusia egingo dute St. John the Evangelist katedralean.
Ikusi bertatik bidali dizkiguten argazkiak:













