San Adriango leizera Neandertalen aztarnak ezagutzera
Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako indusketek Neandertalen presentziaren froga gehiago eman dituzte aurten ere, eta igande honetan bisita gidatu baten bidez azalduko dituzte aurkikuntzak.
Hainbat bisitari San Adriango kobazulora bidean, indusketak ikustera. Ane Garmendia San Adriango leizeak ezkutuan zituen sekretuak pixkanaka-pixkanaka argitara ateratzen jarraitzen du. Aranzadi Zientzia Elkarteak uztaila amaieran XIX. indusketa-kanpaina burutu zuen, eta igande honetan, Anduetza Parketxeak antolatutako bisita gidatuan, azken aurkikuntzak aurkeztuko dituzte.
Duela 40.000 urte baino gehiago, Neandertalek gunea okupatu zutela frogatzen duten aztarnak aurkitu dituzte azken urteetan, eta aurten norabide horretan jarraitu dute lanean. Bisitan, Neandertalen garaiko azken aurkikuntzez gain, haien bizimodua eta ohiturak azalduko dituzte. Era berean, leizearen garrantzia historikoa eta hainbat garaitan izan duen erabilera izango dira hizpide, Brontze Aroko babesgune, Erdi Aroko gotorleku edo garaiko aztarna erromatarren berri emanez.
Bi bisita, euskaraz eta gaztelaniaz
Bisita gidatuak igande honetan izango dira, bi txandatan: euskarazkoa goizeko 10:00etan abiatuko da Aldaolako aparkalekutik, eta gaztelaniazkoa 12:00etan. Irteerek ez dute zailtasun berezirik, eta adin guztietako pertsonek parte har dezakete. Aldaolako aparkalekua Zegamako Otzaurte auzotik 4 kilometrora dago. Parketxeko gidariak lagunduta egingo da San Adriango igarobiderainoko bidea, eta gero Aranzadiko arkeologoek indusketa arkeologikoari buruzko azalpenak emango dituzte.
Ibilbideak 90 minutuko iraupena izango du gutxi gorabehera, eta parte hartzaileei oinetako egokiak eta ura eramatea gomendatzen zaie. Prezioa 6 eurokoa da, eta izena ematea beharrezkoa da, plaza kopurua mugatua delako eta eguraldi txarra eginez gero aldaketak jakinarazteko.
Interesa dutenek 943 802 187 edo 688 623 609 telefonoetara deitu, edo anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi beharko dute.













