Festatan murgildu dira Gabirian
Atzo iluntzean hasi ziren igandera arte luzatuko diren Andra Mari eta San Roke jaiak. Lehengo eta oraingo txistulariak arduratu ziren pregoiaz eta txupina jaurtitzeaz.
Elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira makila jaitsiz eta ondoren suziria jaurtiz hasi zituzten festak Gabirian, atzo arratsaldean. Gabiriako lehengo eta oraingo txistulariak arduratu ziren igande gauera arte luzatuko diren aurtengo Andra Mari eta San Roke jaiei hasiera ofiziala emateaz.
Ostatutik dagoen bidea txistua joz iritsi zirien txistulariak plazara, eta Goruntz taldeko dantzari gaztetxoek egindako saioaren ondoren, udaletxeko balkoira igo ziren pregoia irakurtzera. Urtean zehar egiten dituzten emanaldiak zerrendatu ondoren, jaietan baserriz baserri egin ohi izan duten eresia nabarmendu zuten horien artean, eta horren historia azaldu ere bai. Nonbait, Segurako txistulariek egiten zuten lehen, eta legazpiarrak ondoren. Azkenik Goruntz dantza taldearen inguruan bildutako gazte talde batek, Ormaiztegiko Paskual txistulariarekin ikasitakoek hartu zuten usadioaren lekukoa. Lehen abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean egiten zuten eresia, gero 14ra igaro zuten ohitura hori, eta azken urteetan, 13ean egiten dute. Urte guzti hauetan zehar 35-bat txistulari aritu dira ohitura hori mantentzen, eta horietako asko elkartu ziren atzoko eresian, eta pregoi irakurketan, omenaldi modura
Behin txupina botata, buruhandiak atera ziren, eta goizaldera arte luzatu den festa giroa piztu zen. Afarian elkartu ziren herritarrak gauari hasiera emateko, eta musika izan zuten ondoren Ondoezik elektrotxarangarekin.
Gaurko eguna ere festa-ekitaldiz bete-betea dator. Gaueko giroari begira, autobus zerbitzua izango da inguruko herrietatik.
13:00. Herri kirol erakustaldi-apustua, plazan.
16:30. Umeentzat ur jolasak eta apar festa.
18:30. Bertso saioa, plazan. Eneritz Artetxe, Eneko Laskoz, Eneko Araiztegi, Sebastian Lizaso, Jone Uria eta Aitor Tatiegi,
23:00. Kontzertuak: Naxker, Malko eta DJ Txekor.













