Mitologia ardatz duen erronka Ataunen
Barandiaran museoak eskainiko du bihar 'Jentilen mundua' izenburupean. Larunbatean, gainera, bisita gidatuak egingo ditu Barandiaranen etxera.
Barandiaranen etxea Mitologia gustuko dutenek, mundu horrekin lotutako erronka edo jokoa egiteko aukera izango dute bihar, abuztuak 15, Ataunen, Barandiaran Museoak eskainita. Gainera, mitologia gaietan aditua zen Barandiaranen etxera bisita gidatua egingo du larunbatean.
Bi jardueratan parte hartzeko izena eman behar da aurretik 943 18 03 35 edo 688 895 069 telefono zenbakietan, edo barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikoan.
Erronka mitologikoa
Jentilen mundua du izenburua bihar egin ahal izango den erronkak edo jokoak. Mitologian oinarritutako orientazio-joko berria da. Jarduera digitalizatu labur bat da, ibilaldi baten bidez euskal mitologiako pertsonaiak ezagutzeko aukera ematen duena. Barandiaranek egin zuen bezala, pertsonaia mitologikoen urratsen ondoren San Gregorio auzoa ezagutuko da. Kondairak ezagutuko dira eta azken erronka bete beharko da. “Jentilen edo lamien bila, aitzakia bikaina izango da goiz eder bat familian edo lagunen artean pasatzeko”.
Abiapuntua Ataun San Gregorion dagoen Barandiaran museoa da. Jokoa 10:30ean hasiko da, eta euskaraz izango da. Familiei eta lagun taldeei zuzenduta dago, eta helduen prezioa 6 eurokoa da, eta 12 urtetik beherakoena 4 eurokoa.
Barandiaranen etxea
Joxe Migel Barandiaranen etxea ezagutzeko bisita gidatua, aldiz, larunbatean izango da, abuztuak 16. Hori ere Barandiaran museoan hasiko da, 11:00etan, eta euskaraz izango da. Bi ordu iraungo du, eta 14 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Prezioa 6 eurokoa da.













