Plazaola kaleko aparkaleku eremua aldatu da
Mauleon hotelaren pareko txandakako plazak lekuz aldatu dituzte, Plazaola 2 eta 4 atarien parera. Bi plaza gehiago daude, orain 90 minutuz aparkatu daiteke doan, eta ez da derrigorrezkoa ticketa ibilgailuan uztea.
Plazaola kalean aparkatzeko eremu urdina. Legazpiko Udalak berrantolatu egin du Plazaola kaleko aparkaleku sistema, eta bertakoentzako eta txandakako bi plaza gehitu ditu. Saturnino Telleria 6 eta Plazaola 10 arteko kale eremuko aparkalekuen antolaketa eta erabilera optimizatzea da helburua,ibilgailuen txandaketa erraztuz, egoiliarrentzako plazen eta erabilera orokorreko plazen arteko banaketa argituz, eta eskuragarri dagoen espazioa hobeto ulertzen dela bermatu
Ingartek enpresak egindako azterketaren emaitza da berrantolaketa hau. Azterketak dio egoiliarren eremuak eta txandakatze-eremuak oso modu eraginkorrean funtzionatzen dutela, eta okupazio maila handiak dauden arren, ez dagoela guztizko saturaziorik. Egoiliarrentzat gordetako aparkalekuak okupazio-maila handia izan du egunean zehar, nahiz eta, oro har, beti egon den espazio libreren bat, bi plaza libre batez beste. Bestalde, TAO eremuan okupazioa ertaina da, % 64ko batez besteko okupazioarekin (zortzi plaza inguru).
Baina udalak antzemanda zuen askok ez zituztela identifikatzen Mauleon hotelaren ondoan zeuden txandakako plazak, nahiz eta urdinez margotuta egon, eta horiek kendu eta Plazaola kalean gora jarri dituzte, 2 eta 4 atarien parean, bi plaza gehiago erantsita. Gainera, eremu urdin osoan aparkatzeko denbora 90 minutura luzatu dute, eta oraindik tiketa hartzea beharrezkoa den arren, ez da derrigorrezkoa izango ibilgailuan jartzea. Bertako bizilagunentzako plazak zuriz daude margotuta. Egun hauetan egin dituzte margotze lanak.
Eremu urdineko funtzionamendu ordutegia hauxe da: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 09:00etatik 13:30era. Tarte horietan, doan aparkatu ahal izango da, 90 minutuz, txartela eskuratuta.













