Homizidio gisa ari da ikertzen Ertzaintza Legazpin aurkitutako gizonaren heriotza
Nonbait, kanpotik giltzarrapoz itxita zegoen lokala. Gizona ez zen herrikoa, Hernani aldekoa baizik, baina azken denboraldian Legazpitik zebilen. Dirudienez, egunak edo asteak zeramatzan hilda.
Gaur goizean oraindik prezintatuta zegoen Gaztetxearen azpi aldeko lokalaren sarbidea.Tere Madinabeitia Atzo goizean Legazpiko Gaztetxearen azpi aldeko lokal batean aurkitutako gizonaren heriotza homizidio gisa ari da ikertzen Ertzaintza. Hainbat komunikabidek jaso dutenez, kanpotik giltzarrapoz itxita zegoen lokala, eta gorpuak egunak edo asteak zeramatzan barruan, deskonposizio egoera aurreratuan zegoelako.
Gaur goizean Ertzaintzaren kotxe bat zegoen oraindik Gaztetxearen ondoan, eta zinta batez prezintatuta zegoen lokalerako sarbidea.
Gizona ez zen Legazpikoa, nahiz eta oso ezaguna zen herrian, taberna inguruetan eta Urola erreka ondoko bidean asko ikusten zelako, motxila bat bizkarrean eta makila bat eskuetan. Mariano zuen izena, eta Hernani ingurukoa zen, baina azken aldian Legazpin bizi zen, nonbait, hilik aurkitu duten lokalean.













