Kirol kutsuko Andra Mari egunaren ondoren, jaien azken txanpari heldu diote Zerainen
Pilota txapelketako finalaren eta herri kirol desafioaren ondoren, gaur gazta dastaketa eta bertsolariak. Jaiak amaitzeko afaria eta mozorroak izango dituzte zeraindarrek.
Andra Mari jaietako azken txanpan sartu dira Zerainen, atzoko kirol kutsuko egunaren ondoren. Herriko pilota txapelketako finalak eta herri kirol desafioak izan ziren eguneko hitzordu garrantzitsuenetarikoak, herriko zaindariaren omenezko mezarekin, txakolin dastaketarekin eta gazteen afariarekin batera.
Musikarik ere ez zen falta izan egun osoan zehar, eta goizean, Nahia Dorronsoro eta Paule eta Elene Iztueta herriko trikitilari gazteek girotu zuten txakolin dastaketa.
Horren aurretik plazan bertan jokatu zen pilota txapelketaren finala Eneko Artzelusek eta Lur Elortzak irabazi zuten. Eta arratsaldeko herri kirol desafioan, herriko gazteek batetik eta helduek bestetik osatutako bi taldeak pare-parean joan ziren ia denbora guztiak, baina helduenek hartu zuten bentaja azkenik, eta horiek irabazi zuten.
Gaur, azken eguna
Gaurkoa da aurtengo Zeraingo jaietako azken eguna. Goizetik izan dira ekitaldiak, eta gazta dastaketarekin alaituko dute eguerdi partea. Arratsaldean bertsolariak izango dira, eta azken afaria ondoren, mozorro eta guzti.
Abuztuak 16, larunbata
13:00. Herriko gaztagileen gazta dastaketa eta toka txapelketa, plazan.
19:00. Bertso-triki poteoa mozorrotuta, Ostatuan hasita. Bertsolariak Sebastian Lizaso eta Oihana Iguaran.
20:30. Herri afaria eta mozorro desfilea, trikitilariek girotuta.
ARGAZKIAK: Jokin Intxausti














