Piperrak, geroz eta gorriago eta ugariago
Errezil motako lehen sagarrak ere iritsi dira, eta landare saltzaileen postuetan neguari begirako eskaintza da nagusi.
Oporrak ez du Ordiziako feriaren martxa eteten, eta ohi baino saltzaile eta erosle gutxiagorekin bada ere, asteazkeneroko hitzorduari eusten dio. Gaur zen eguna, eta zer erosi eskaini du, Plaza Nagusian hutsune batzuk izanda ere.
Piper kontuak izan dira gaur albiste bertan, ugaritzen eta gorritzen jarraitzen dutelako. Batetik, ugaria da eskaintza, mota ezberdinei dagokienez, baita kantitateari ere. Gaurkoan, pipermina, italiarra, morroa, Gernika eta Kakute piper ezti luzea zeuden aukeran, eta esan bezala, ugari gainera. Bestetik, aurreko astean piper morro gorria aurkeztu zuten bezala, aste honetarako piper italiarra ere gorritu da. Gabiriarko Anttoni Murgiondok eta Patxi Arizmendik zuten salgai, kiloa 3,5 eta 4,5 euro artean.
Piperra bezala, tomatea ere ugari dago, aire librekoa zein negukoa. Jack eta Aretxabaleta motak daude salgai batez ere.
Fruten atala ere mugitu samar dabil azken asteetan, ia asteazkenero izaten delako berritasunen bat. Gaur, errezil motako sagar bat jarri du salgai Altzagako Arantxa Lopetegik, kiloa 2 euroan. Bestetik, urteko lehen intxaurrak ere ikusi dira, Jaione Irazusta eta Miren Jauregirenean.
Negukoa, dena sartuta irailaren 20rako
Landare saltzaileen postuak, berriz, jendez beteta egon dira goiz osoan. Udako uzta oraindik jasotzen ari diren honetan, baratzak dituztenak neguari begira jarrita daude dagoeneko, orain delako garaia aza, azalore, brokoli, romanesku, eskarola, zerba eta horrelakoak landatzeko.
Ibarrako Montes mintegiko Patxi Izagirrek hala baieztatu du, eta esan du gainera, neguko landareen landaketak irailaren 20a baino lehen egitea komeni dela. “Hortik aurrera ez da ondo ateratzen”, azaldu du, “urria dator, eguzkia jaisten hasten da… Negurako, hotza hasten denerako, landareak indartsu egon behar du, Gabonetarako azalorea nahi duenak, esaterako, orain aldatu behar du”. Askok dakite hori nonbait, jendea ari delako neguko landareak erosten.
Perretxiko eskaintza
Perretxikoen eskaintza urriagoa izan da aste honetan aurrekoan baino, eta onddoak eta ziza horiak bakarrik zeuden salgai. Onddoak Mikel Lasaren eta Barcinaren postuetan zeuden, guztira 110 kilo, kiloa 18 eta 28 euro artean. Ziza horiak, berriz, Lasarenean bakarrik zituzten, 40 kilo, 22 euroan kiloa.

















