Saguzarrak eta Arrobi, legazpiarrentzako bi proposamen iraila hasteko
Legazpiko Udalak irteera bana antolatu ditu: irailaren 5ean saguzarrak ikusteko, eta irailaren 6an Arrobiko lursail publikoak erakusteko.
Legazpiko Udalak indartsu hasiko du abuztuko oporren ondorena, eta irailaren lehen astebururako bi irteera antolatu ditu. Irailaren 5ean, ostiralean, Saguzarren gaua egingo du, eta irailaren 6ean, larunbatean, Ezagutu Arrobi mendi irteera. Bietan parte hartzeko izen-ematea irekita egongo da irailaren 1era arte. Udalaren www.legazpi.eus webgunean eman behar da izena.
Naturtzaindia elkartearekin batera antolatu ditu udalak bi jarduera hauek. Saguzar Gaua saio dibulgatiboa izango da, eta saguzarren mundu harrigarria ezagutzeko aukera emango du, basoen kontserbazioaren garrantzia nabarmenduz.
Arrobi mendikoa, berriz, ibilaldi gidatua izango da. Guztira 12,3 kilometrokoa eta 200 metroko desnibelekoa izango da, eta bertan, komunitate-intereseko hiru habitat eta hauek zaintzeko egindako lanak erakutsiko dituzte. Bidean zehar bost geldialdi interpretatibo egingo dituzte, eta amaieran hamaiketako txiki bat izango da parte-hartzaileentzat. Aztiriatik izango da irteera, eta autobusak egongo dira herrigunetik horra joateko.













