Itsasoko San Bartolome jaietako lehen asteburua joan da
Larunbatean hasi ziren aurtengo jaiak, pilota txapelketarekin. Oraindik beste asteburu bat falta zaie.
Itsason San Bartolome jaietan daude murgilduta larunbatetik, eta dagoeneko bete dute bi asteburutan banatutako egitarauaren lehen txanpa. Orain, egun batzuk atseden hartu, eta ostiralean ekingo diote aurtengo jaien bigarren zatiari.
Herritarren esanetan, lehen asteburua “oso ondo joan da, jendetsua, eta giro goxoan”. Egitarau betea izan dute, eta kirolak toki nabarmena izan du. Hain zuzen, larunbat goizean eliza atarian jokatu zen pilota express txapelketak eman zien hasiera jaiei. Manex Zabalok irabazi zuen, eta bigarren Iker Lizardi geratu zen. Tokan ere jokatu dute, eta horretan Pello Pintok jantzi zuen txapela gizonezkoetan, eta Nahia Herrerok emakumezkotan.
Gastronomiak ere izan du lekua, bazkari eta afariekin, baita musikak ere, eta atal honetan Eñaut Zubizarreta Mendietaren txelo emanaldia nabarmendu behar da. Hodei magoak ere publiko dezente bildu zuen bere saioarekin.
Aspertzeko denborarik ez dute izan itsasoarrek eta bisitariek jaietako lehen asteburu honetan. Bigarrena noiz iritsiko irrikan daude orain. Hemen egitaraua:
Abuztuak 29 (ostirala)
16:00 Mus lehiaketa
Abuztuak 30 (larunbata)
16:30 Mendi bizikleta trabesia
19:30 Paella lehiaketa herrikoia, eta ondoren afaria
22:30 Alaiki taldearen emanaldia
Abuztuak 31 (igandea)
11:00 Hilerrian meza
12:00 Trapalata txaranga
13:00 Herriko ondareari buruzko aurkezpena: ogi-labeak
14:00 Festen itxiera Trapalata txarangarekin
ARGAZKIAK: Pilare Mujika














