Kontxita Telleria, Martinezeko sukaldaria hil da
Euskal sukaldaritzan erreferenteetako bat izan da Telleria. Gaur, 19:00etan, Ordiziako Andre Mariaren Jasokundearen elizan egingo dute hileta elizkizuna.
Kontxita Telleria.Aimar Maiz. Kontxita Telleria Mundiñano (Beasain, 1928), Ordiziako Martinez jatetxeko sukaldaria atzo hil zen 96 urterekin. Euskal sukaldaritzan erreferenteetako bat izan da Telleria. Horren lekuko da, Mantala proiektuak euskal gastronomia eraldatu duten 50 emakumeren testigantzak jaso dituen Mamia. Esentzia liburuan aitortza egitea. Gaur, 19:00etan Ordiziako Andre Mariaren Jasokundearen elizan egingo diote hileta elizkizuna.
Martinezeko Jose Martin Martinezekin ezkondu zen 29 urterekin, eta haren ama Juanita Urmenetaren aldamenean hasi zen lanean. 72 urte bete arte aritu zen sukaldari lanean. «Jatetxea eta sukaldea gustatu zitzaizkidan. Amona ere sukaldari ona zen, eta harekin asko ikasi nuen. Gauza berriak egiten ere ausartu nintzen: mariskoz beteriko legatza, adibidez. Asko gustatu zitzaion jendeari. Edo barazki menestra, edo Ataungo sukaldari batek egiten zituen postreak… Dena etxean egiten genuen. Banderilla berriak ere sortu genituen».
1.850 lagunentzako bankete bat ematera ere ausartu zen. «Onartu nuenean, esan zidaten agian asko zela niretzat». Baina arrakastaz bete zuen lana: «90 zerbitzari, 200 azpizun, baxera kamioi batean, bost sukalde, eta ni batetik bestera», gogoratzen du. Eta ondorioa ere ederra izan zen: «Banketearekin sukalde berria egin nuen, sartu nintzenean jada zahartuta baitzegoen. Eta ederki ordaindu zidatenez, ikatza kendu eta gasa jarri nuen».
Ezkontzetako otorduak egiteko fama handikoa izan zen Martinez. Larunbatero eta igandero eman zituen ezkontzak. «Eta egun horiek hartuak banituen, ostegunean ematen genien. Gainera, elizaren ondoan geundenez, herriaren erdian, jaunartze eta bataio guztiak han egiten ziren».
Jarraipena izan du Kontxita Telleriak egindako bideak ere. Xabier semeak du Martinezeneko sukaldearen ardura.
Goiberri aldizkarian egindako elkarrizketan bere bizipenak kontatu zituen 2019an.













