Legazpiko Gizarte Zentroko taberna, asteartetik irekita
Aitor Imaz hondarribiarra arduratuko da zerbitzuaz. Irailaren 6an izango da inaugurazio ofiziala.
Aitor Imaz da Gizarte Zentroko taberna eta jantokiko arduradun berria.Legazpiko Udala Legazpiko Gizarte Zentroko taberna eta jantokia irekita egongo dira berriz ere bihartik. Aitor Imaz izango da arduradun berria, ostalaritzan ibilbide nabarmena duen hondarribiarra.
Taberna astelehenetik igandera irekiko du aurrerantzean, 09:00etatik 20:30era, eta astearteetan itxita egongo da asteko atsedenaldiagatik. Gosariak, eguneko menua, pintxoak eta ogitartekoak eta meriendak eskainiko ditu, eta ostiraletan eta larunbatean baita afariak ere, aurretik erreserbatzen badira.
Inaugurazio ofiziala irailaren 6an egingo du Imazek, 18:00etan, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu bertara.
“Legazpi osoarentzako onuragarria”
Udalak nabarmendu duenez, Gizarte Zentroa “funtsezko topagunea” da herritarrentzat, eta bereziki adinekoentzat, eta hainbat zerbitzu eta jarduera hartzen ditu gainera. Horrela, taberna eta jantokia berriz ere martxan jarrita, Eguneko Zentroko erabiltzaileei eguneroko otordu zerbitzua eskaintzen jarraituko du Imazek, eta herritar guztiei zabalduko die bere proposamena.
Bestalde, Nerea Lopez de Heredia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak gogoratu du hilabeteak egin dituztela lanean zerbitzua berriz ere irekitzeko, eta Gizarte Zentroko erabiltzaileak eta herritar guztiak gonbidatu ditu taberna erabiltzera, “guztion artean babestu behar dugu, Legazpi osoarentzako onuragarria delako horrelako zerbitzu bat izatea”.
Imaz, “elkarteko sukaldari”
Aitor Imaz hondarribitarra da, eta esperientzia zabala du ostalaritzaren munduan. Besteak beste, hainbat lehiaketa gastronomikotan parte hartu du, eta lehen saria lortua da Hondarribiko azken babarrun-jan lehiaketan, Klink elkartearen ordezkari gisa. Gainera, jardunaldi gastronomiko solidarioak bultzatu ditu, sukaldaritzarekin eta komunitatearekin duen konpromisoa sendotuz.
Lagun baten bidez jakin zuen Legazpiko Gizarte Zentroko taberna eta jantokia errentan zegoela, eta eskaera aurkeztu eta udaleko arduradunekin harremanetan jarri ondoren, bihar irekiko du zerbitzua. Aurretik, urteak egin ditu Bidania-Goiatzeko taberna-jatetxe bateko arduradun gisa. Hala ere, “elkarteko sukaldaria” dela dio. Hondarribian Klink elkarte gastronomikoko kidea da eta han antolatzen dituzten bazkari solidarioetan jarduten du sukaldean, baita kuadrillarekin ere-
Gizarte Zentroko taberna eta jangela oso handiak direnez, “aukera asko” ikusten dizkie. “Kafeak, edariak, menuak, pintxoak, ogitartekoak eta abar eskaintzeko eta zerbitzu ona emateko gogoz nago”. Berritasunen bat edo beste sartzeko prest ere badago, “esan didate ostegunetan pintxo-potea dagoela, eta interesgarria
iruditzen zait hemen ere eskaintzea, jendea hurbil dadin”. Igandetarako ere badu proposamen bat: “Paella moduko plater bereziak eskaintzea pentsatu dut”.
Azken egunak prestaketa lanetan murgilduta egon eta gero, bihar abiatuko du Legazpiko etapa berri hau.”Gogoz” dago, eta “era guztietako aukerak eskaintzeko irrikan”.













