Legazpiko Udalak hiru diru-laguntza lerro ditu martxan
Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei eskainitakoa da bat, eskola materiala eta ekipo informatikoak erosteko beste bat, eta musika grabazioak egiteko hirugarrena. Udaletxean eskatu daiteke informazio gehiago.
Legazpiko Udalak hiru diru-laguntza lerro ditu irekita une honetan. Batetik, merkataritzan, ostalaritzan eta tokiko zerbitzuetan jarduera ekonomikoa sustatzeko diru laguntzak kaleratu ditu, bestetik eskola materiala eta material informatikoa erosteko beste lerro bat ere atera du, eta azkenik, herriko musika taldeei zuzendutakoak daude.
Eskaerak egiteko epeak irekita daude hiru kasuetan, eta udaletxean bertan eskuratu daiteke bakoitzari buruzko informazio gehiago.
Merkataritza, ostalaritza eta tokiko zerbitzuak
Merkataritzari, ostalaritzari eta tokiko zerbitzuei zuzendutako diru laguntzak eskatzeko epea irailaren 15ean amaituko da. Aurten udalak 20.000 euro bideratu ditu laguntza horietara.
Azken urteetan bezala, bi motako laguntzak izango dira. Batetik, lokalak berritzeko egindako inbertsio eta gastuei aurre egiteko izango dira, baita ekipoak eta makinak erosteko ere. Bestetik, enpresa-ekimen berri bat abian jartzeko edo lehendik dagoen negozio bat eskualdatzeko egin beharreko hasierako gastuei aurre egiteko izango dira.
Eskola materiala eta material informatikoa
Aurten ere kaleratu ditu udalak herriko familiek eskola materiala edo material informatikoa erosteko laguntzak. Eskaerak egiteko epea urriaren 10ean amaituko da.
Herriko dendetan erositako eskola-materialarentzako dira bakarrik laguntza hauek, eta ekipo informatikoen kasuan, Gipuzkoan erositakoentzat. Familiaren errentaren araberakoak izango dira, 70 eta 140 euro bitartekoak eskola materialarentzako, eta 100 eta 350 euro bitartekoak ekipo informatikoentzat. Lehen Hezkuntzako 1.mailatik Batxilergora edo Erdi-mailako Lanbide Heziketara bitarteko ikasleentzat dira.
Iaz 101 eskaera jaso zituen udalak, eta 13.878,71 euro banatu zituen guztira, 81 familien artean.
Musika taldeentzat
Musika grabazioak egin eta argitaratu dituzten herriko taldeek ere izango dituzte aurten diru laguntzak. Horiek eskatzeko epea urriaren 31n amaituko da.
Udalak 16 urtetan 22.872,08 euroko diru laguntzak eman ditu 27 musika lan egiteko, eta bataz besteko diru-laguntza kopurua lan bakoitzeko 847,11 eurokoa izan da.













