Sagar eta tomate festa gaurko ferian
Simon Aizpuru hasi da, eta ugaritu egin da sagar eskaintza. Gainera, piku beltza eta melokotoia iritsi dira. Zuhaiztian, berriz, kontserbak egiteko garaia hasi da, udare tomatearekin.
Gaurkoa, abuztuko azken feria, berritasunez beterikoa izan da. Opor-hilabete nagusia amaitzearekin bat, fruta eskaintza zabaldu da, eta sagarren atalak izan du hazkunde nabarmenena, batez ere gaurtik, Errezilgo Simon Aizpuruk salmenta denboraldia hasi duelako. Bestetik, Nafarroako udare tomatez bete da Zuhaiztia, eta hasi da kontserbak egiteko garaia. Horrelako eskaintza ikusita, gustura ibili da jendea Ordiziako erdigunean, nahiz eta tarteka bota duen lanbroak goiza pixka bat ilundu duen.
Baratzak eman du dagoeneko eman beharrekoa, eta hortik berritasun gutxi iritsiko da udazkenera bitartean. Gaur, hala ere, urteko lehen kuiak ikusi dira. Maite eta Arantxa Zurutuzak zituzten salgai, Gernika motakoak, kiloa 3,5 euroan.
Sagar festa
Fruta arbolak, aldiz, bete-betean daude oraintxe, batez ere sagarrak, eta ondorioz, asko daude ferian. Gaur, gainera, Errezilgo Simon Aizpuru hasi da saltzen, eta horrek aberastu egin du gehiago eskaintza. Jose Antonio Elosegik, Maria Jesus Oriak eta Arantxa Lopetegik ere badituzte sagarrak. Hauek dira orain aukeran daudenak, kiloa 2 eta 3,5 euro artean: erreineten erregina, Aragoiko erreineta, errezila edo ibarbi, jumbo, topac, perlestina, star, esltar, valstar, Inobi eta kanpandoja.
Sagar mota horietako batzuk berriak ziren ferian, baita irasagarra ere. Aizpuruk zuen irasagarra, ale handiak gainera, kiloa 3 euroan. Madariak ere badaude aukeran, conferencia motakoak eta izen ezezagunekoak. Kiloa 2,5 eta 3 euro artean dago.
Pikua ere berria da. Aramako Miren Jauregik zuen salgai, beltza. Aurten asko dituela esan du. Kiloa 4 euroan du.
Berritasun bat gehiago ere eman du fruten atalak: melokotoia. Altzagako Miren Lopetegiren postuan zegoen salgai, kiloa 2 euroan.
Perretxikoen aukera
Perretxikoen aukera gaur aurreko asteetan baino eskasagoa izan da. Mikel Lasaren eta Felix Barcinaren postuen artean 80 kilo onddo jarri dituzte salgai, kiloa 25 eta 40 euro artean.
Ziza horiak ere bazituzten, guztira 47 kilo, eta kiloa 20 eta 22 artean.
Boilur beltzak ere ez ziren falta gaur, kiloa 290 euroan.
Kontserba garaia
Sagar ugari dagoen bezala, tomatea ere bai, bertakoa, zein kanpokoa. Plaza Nagusian inguruko ekoizleen eskaintza zabala da, eta Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuak kanpotik ekarritako udare motako tomateekin bete dira. Kontserbak egiteko garaia hasi da, eta gaur udare-tomate kaxakadak eraman dituzte erosleek.
Javier Lacalle aguraindarrak zuen gehien. Nafarroako Mendabiakoak zituen, eta kiloa 0,80 euroan saltzen zuen, dozena-bat kiloz osatutako kaxa osoa erosita. Kiloak solte erosita, berriz, 1,50 euroan zuen.

















