San Agustin jaiak Brinkolan, bihartik aurrera
Auzoko zaindariari eta jubilatuei eskainitako egunarekin hasiko dira festak bihar. Ekitaldiz beteriko asteburua dute aurretik, gaueko autobus zerbitzu eta guzti.
Bihar abuztuaren 28a da, San Agustin eguna, egun handia Brinkolan. Bihar bertan hasiko dira festak, auzoko zaindariari eskainitako mezarekin, eta jubilatuak Armuñon elkartuko dituen bazkariarekin. Ostiral iluntzean botako dute txupinazoa, eta une horretatik aurrera, festa giroa zabalduko da auzoan, igande iluntzera arte.
Era guztietako ekitaldiak izango dira, eta horien artean ez dira faltako bola eta toka, tortilla patata lehiaketa edo haurrentzako jolasak, klasiko bihurtutakoak guztiak. Bestela, musika eta jatekorik ez da faltako.
Musika ugari
Ohi bezala musikak toki berezia izango du, adin guztietako publikoa erakartzeko asmoz. Ostiralean, Legazpiko hainbat gitarra jotzailek eta abeslarik afaria eta afalostea girotuko dituzte Armuño elkartean, geltokiko plazan Mallet, Abstemikkos eta The Kellers taldeek doinu gogorragoak eskainiko dituzten bitartean. Rock kontzertu honek 30 urte betetzen ditu aurten.
Ostiraleko gauari amaiera emateko, dantzarako doinuak izango dira txosnan Woolen DJarekin.
Larunbatean, berriz, kanturako aukera izango da auzo bazkaria amaitutakoan, eta gauean Odik musikari legazpiarrak kontzertua egingo du, ondoren Emaion taldearen erromeria izango da. Igande goizean Goiz Deia txistularien bisita izango da, eta arratsaldean, Alaitasuna errondailarena.
Autobusa eta trena
Ohi bezala, Brinkolako jaietako antolakuntzak autobusa jarri du gauetan gazteak Legazpira onik itzuli daitezen. Ostiralean eta larunbatean egongo dira, 04:00etan.
Gainera, lehen trena 06:08an aterako dela gogoratu dute, eta hortik aurrera ia orduro egongo direla.
Jaietako zapia
Brinkolako jaiek ere izango dute zapia. Bihar arratsaldean hasiko dira saltzen, 3 euroan. Larunbateko auzo bazkarira joatekoak direnak sartuta daukate prezioaren barruan, ez dute erosi beharrik.
Zapiaren diseinua Maider Eguren Beainek egin du. Egurenenak dira, baita ere, jaiak iragartzen dituen kartelaren diseinua, eta txosnan erabiliko diren edalontziena.
SAN AGUSTIN JAIEN EGITARAUA
Gaur, osteguna
12:00: Meza.
14:00: Jubilatuen bazkaria.
Bihar, ostirala
20:30: Txupinazoa txalapartariekin.
21:00: Kantu afaria Armuño elkartean.
23:00: Rock kontzertua: Mallet, Abstemikkos eta The Kellers, eta Woolen DJ.
04:00: Legazpirako autobusa.
06:08: Lehen trena.
Abuztuak 30, larunbata
12:00: Marrazki lehiaketa.
14:00: Bazkari herrikoia.
17:30: Bola eta toka txapelketak.
18:00: Patata tortilla lehiaketa, eta txistorra eta sagardoa.
18:30: Puzgarriak, buruhandiak.
22:30: Odik eta Emaion.
04:00: Legazpirako autobusa.
06:08: Lehen trena.
Abuztuak 31, igandea
11:00: Txistularien goiz deia.
17:00: Bola eta toka.
17:30: Ume jolasak Sorgintxulo taldearekin.
19:00: Alaitasuna errondailla.













