Jubilatuek eman diete hasiera Brinkolako San Agustin jaiei
Auzoko zaindariari eskainitako mezaren ondoren, luntxa izan dute, eta bazkaria gero, Armuño elkartean. Bihar 20:30ean botako dute txupinazoa. Jaiak igande gauera arte luzatuko dira.
Txupinazoa bihar iluntzera arte botako ez badute ere, Brinkolan hasi dira festak ospatzen. Gaur, abuztuak 28, San Agustin eguna da, eta ohitura den bezala, jubilatuei eskainitakoa. Auzoko zaindariaren omenezko mezaren ondoren, luntxa izan dute eliza atarian auzotarrek, eta jubilatuak Armuño elkartera joan dira ondoren, bazkaltzeko. 30 lagunetik gora elkartu dira aurten.
Mezan eta ondorengo juntadizoan Eric Galvez alkatea eta Miryam Galilea zinegotzia ere izan dira, baita hainbat brinkolarrekin harreman estua duen Eduardo Ribaguda ere. Ribaguda Arabako Zalduondo herriko alkatea izan da urte luzean, eta gaur berak landutako makilekin etorri da Brinkolara. Besteak beste, Legazpiko alkateari oparitu dio bat.
Auzoan orain bizi ez diren brinkolar batzuk ere izan dira, eta horien artean, Hernanin bizi diren Ugarte ahizpak. Guriditegi baserrian dute jatorria, eta urtero etortzen dira Brinkolara San Agustin egunean. Aurten ere ez dute hutsik egin. Auzotar ez direnak ere izan dira San Agustin egun honetan Brinkolan.
Pello Agirrezabalek, bestalde, argazki erakusketa jarri du ikusgai eliza atarian, azken urteetan bezala. Iazko jaietako irudiak ziren nagusi erakusketa horretan.
San Agustin jaiak bihar hasiko dira ofizialki, 20:30ean txalapartarien laguntzarekin botako duten txupinazoa eta gero. Ordutik aurrera, musika, kirola, jatekoa eta edatekoa eta festa giroa ez da faltako auzoan, igande iluntzera arte.
ARGAZKIAK: Legazpiko Udala eta Tere Madinabeitia














