Legazpiko Udalak irudi korporatibo berria du
Gorka Gomez legazpiarrak diseinatu du. Bi bloke beltzekin osatutako Legazpiren L hizkia irudikatzen du. Irailaren 11n aurkeztuko dute ofizialki, plazan egingo duten ekitaldi batean.
Gorka Gomez diseinuaren egilea erdian, lehiaketaren epai-mahaiko kideez inguratuta. Legazpiko Udala Legazpiko Udalak irudi korporatibo berria du, eta irailaren 11an aurkeztuko ofizialki, plazan egingo duen ekitaldi baten bitartez. Gorka Gomez argazkilari eta sortzaile legazpiarrak egindakoa da, eta dagoeneko ikusgai dago udalaren webgunean.
Iazko ekainean, lehiaketa bat jarri zuen martxan udalak Legazpiko irudi berria eta nortasun bisuala berritzeko, eta 13 proposamen jaso zituen. Baina epai mahaiak ez zuen saririk eman, eta talde bat sortu zuten bigarren fase bat martxan jarri, eta diseinatzaileei “herriari hobeto egokitutako irudi moderno baterantz bideratzen laguntzeko”. Taldea alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak, alkateak eta diseinu grafikoan tokiko bi adituk osatutako epaimahaiak berak osatu zuen. Hainbat hilabetetako lanaren ondoren, adostutako dokumentu bat bidali zitzaien lehiaketaren lehenengo deialdian parte hartu zutenei, eta bigarren lehiaketa itxi bat antolatu zuten.
Bigarren aldian, sei proposamen jaso zituzten, eta horietatik Gorka Gomezena aukeratu zuten aho batez. Eric Galvez alkatea izan zen epaimahaiburua, eta udal talde politiko guztietako ordezkariak izan ziren bertan, EAJtik Miryam Galilea, EH Bildutik Edurne Gonzalez, PSE-EEtik Oscar Valbuena eta Berdeetatik Alberto Bezunartea, baita David Guerreiro eta Txakel Urarte diseinatzaileak ere.
Gomezen lanarekin, Legazpiko Udalak “nortasun berri bat izango du, herritarren aurrean zein beste erakunde, enpresa eta komunikabideekiko harremanetan irudi bereizi, moderno eta adierazgarria proiektatzeko”.
Diseinuaren ezaugarriak
Udalak bideo bat argitaratu du www.legazpi.eus webgunean, diseinuaren berri emateko. Bertan Gorka Gomez bera agertzen da, azalpenak ematen. Irudi korporatibo berriak Legazpiko L letraren hizkia irudikatzen du, bi bloke beltzekin osatuta. Erdian hutsunea du, eta Gomezek azaltzen duenez, “horrek sinbolismo berezia du. Alde batetik, ingudea eta mailuaren artean jartzen den burdin marra irudikatu nahi du, garai batean lanbide horrek herrian zuen garrantzia aitortuz. Bestetik, Eduardo Txillidari ere omenaldi bat da, bere lanean askotan hutsuneak materialak bezainbeste garrantzia zuelako”.
Kolore beltzak, bere aldetik, “identitatea bermatzen laguntzen du, pigmentu beltza ikatzetik eratorria da, eta ikatza burdina lantzeko ezinbesteko materiala da”. Kolore horrekin, gainera, produktu jasangarriago eta ekonomikoagoa sortu dute, inprenta lanei begira.













