Bigarrena eta azkena prest
Igande eguerdian herriko ondareari buruzko aurkezpena egingo dute Anttoni Okarizek eta Pilare Muxikak. "Gure ekarpena da ondarea kontserbatzeko, eta herritarrak gogoz egoten dira, baita kanpotik etortzen diren itsasoar asko eta asko ere", azaldu du Muxikak.
Herri bazkaria pasa den astean, jaien lehen asteburuan.Pilare Muxika San Bartolome jaiak bi zatitan banatuta ospatuko dituzte itsasoarrek. Lehenengo zatia joan den asteburuan ospatu zuten, eta bigarrena eta azkena gaur, bihar eta etzi ospatuko dute.
Herritarrek lehen asteburua «jendetsua» izan zela azaldu zuten, «giro goxoan» ospatutakoa. Manex Zabalok irabazi zuen pilota espres txapelketa larunbatean, eta tokan Pello Pinto eta Nahia Herrero izan ziren nagusi. Bazkari eta afari herrikoiak egin zituzten, eta musikaren atalean, Eñaut Zubizarreta Mendietaren txelo emanaldia nabarmendu dute. Gaur, egitarauari berrekiteko, mus lehiaketa egingo dute 16:00etan. Izen-ematea 15:30ean da. Biharko paella lehiaketako izen-ematea Ostatun egin behar da, eta ondorengo afarirako tiketak bihar bertan salduko dituzte 10 euroan. Aurrez, 16:30ean, 24. mendi bizikleta trabesia egingo dute. Izen-ematea doakoa da eta bihar bertan 16:00etan egingo da. Kaskoa erabiltzea beharrezkoa izango da. 25 kilometro inguruko trabesia izango da, 1.000 metro desnibel positiboarekin.
Igandean, goizeko ekintzen ondoren, 14:00etan Trapalata txarangarekin amaituko dituzte aurtengo jaiak.
Ondarea zabaltzen
Igande eguerdian herriko ondareari buruzko aurkezpena egingo dute Anttoni Okarizek eta Pilare Muxikak. Muxikak azaldu bezala, urtero sanbartolometarako egiten dute ondare elementu bati buruzko azterlana: «Itsason daudenak katalogatuz, ze egoeratan dauden, ze funtzio bete duten… aurreko urteetan zubiak, iturriak, karobiak… aztertu ditugu, eta aurten ogi-labeak». Baserriz baserri egingo dute errepasoa: «Kontserbatuta dauden ala ez, ze aztarna geratzen diren, etxekoek ze oroitzapen duten… pribilegio handia ere badaukagu oraindik bi okin baditugulako: Goiti eta Hariztizabal». Herritarrak gogotsu egoten dira ondarearen transmisioa bermatzeko saiorako: «Gure ekarpena da ondarea kontserbatzeko, eta herritarrak gogoz egoten dira, baita kanpotik etortzen diren itsasoar asko eta asko ere».
Gaur, ostirala
16:00: Mus lehiaketa.
Bihar, larunbata
16:30: Mendi bizikleta trabesia.
19:30: Paella lehiaketa herrikoia eta ondoren afaria.
22:30: ALAIKI taldearen emanaldia.
Etzi, igandea
11:00: Hilerrian meza.
12:00: Trapalata txaranga.
13:00: Herriko ondareari buruzko aurkezpena: ogi-labeak.
14:00: Festen itxiera Trapalata txarangarekin













