"Kutsu rockeroa edo poperoa atera zait bigarren diskoan"
Ekeko el Perro ordiziar musikariak ‘Camino D Regreso’ diskoa kaleratu berri du. Salmentatik ateratako dirua giza laguntzako elkarteen artean banatuko du.
Ekeko el Perro Eneko Gonzalez ordiziar musikariak, Ekeko el Perroren izenean, bigarren diskoa argitaratu du. Camino D Regreso kantuaren izena hartu du diskoak. Bilbon grabatu du The Rockstudios estudioan.
2024ko martxoan aurkeztu zenuen lehen bakarkako lana Ekeko el Perroren izenpean. Bigarrena ere etorri da.
Bai, Bilboko Karlos Creatorren The Rockstudios estudioan grabatu dut. Urtearen hasieran hasi nintzen grabatzen, eta aspaldi grabatuta neukan, baina ez nekien ze irteera eman edo zer egin berarekin. Eta azkenean, abuztuaren 19an ateratzea erabaki nuen.
Zergatik aukeratu duzu data hori?
Nazioarteko Laguntza Humanitarioaren Eguna delako. Jendeak ez du asko ezagutzen egun hori, ez zaio garrantzia handirik ematen. Baina gaur egun bizi garen egoeran, hainbat tokitan dauden gatazkak eta gerrak dauden garai honetan pentsatu nuen: egun horri inork ere ez dio kasurik egiten, nik egingo diot. Horregatik aukera nuen data hori.
2003an, Iraken, NBEren Bagdadeko egoitzan izandako atentatu bat du jatorrian egun horrek.
Bai, 22 pertsona hil zituzten atentatuan. NBEko jendea hil zuten eta ikusten da gaur egun NBEk zein paper jokatzen duen. NBEk ez du ezer ere egiten. Herritarrek hartu behar dute ekintza, flotilla hori bezala. Hori bai dela herritarren gauza bat.
Zuk zure ekarpena egin duzu: diskoaren salmentatik ateratzen den dirua giza laguntzako erakunderen bati emango diozu.
Diru asko ez dut aterako, baina ateratzen den diru guztia Palestinaren taldearentzat edo Zaporeak elkartearentzat. Ez da diru asko izango, baina nire bihotza lasaitzeko zerbait da. Denok sekulako inpotentzia daukagu, gertatzen ari dena ikusita. Eta ez dakigu nola eragin laguntzeko. Uste dut norbaitek iniziatiba hartu beharra daukala gizarte laguntza hori bideratzeko.
Musika arlora etorrita, zenbat abestiko lana da?
Zortzi abesti dira. Ez da oso luzea diskoa. Kutsu rockeroa edo poperoa atera zait. Lehenengoa baino modernoxeagoa. Beste diskoa esperimentala izan zen, eta honetan, musika aldetik haratago joatea nahi nuen; arakatzea, teknologia berriekin saiatzea, esperimentatzea… Alde horretatik gustura gelditu naiz. Ez dut baztertzen rock sinpleago edo gordinago batera itzultzea. Baina momentuan hau atera zait.
Bilakaera izan da beraz musika estiloan.
Urteen poderioz beste musika iturri batzuetatik dastatzen joan naiz, lehen kasurik egiten ez niena. Denetatik entzuten dut, musika eta talde berriak jarraitzen ditut, eta gustatzen zait arakatzea. Eta horren eragina badago disko berrian. Instrumentuekin jolasten hasi eta gauza desberdinak ateratzen dira, eta nik uste dut kabida eman behar zaiela. Badirudi beti estilo batean finkatu behar garela, eta ni konturatu naiz, Bob Dylan, David Bobby edo Iggy Pop entzuten dudanean, beraien musika oso desberdina dela disko batetik bestera, oso musika mota desberdinak hartu dituztela.
Gure garaian, 1990eko hamarkadan eta 2000. urteetan bazirudien beti musika mota bati lotuta egon behar genuela, bestela zure nortasunari traizioa egitea zela. Baina hori gezurra da.
Zein musikari izan dituzu ondoan?
Disko hau grabatu dut Bilbo inguruko musikariekin. Lehenengo diskoa musikari euskaldun, andaluziar eta uruguaitarrekin grabatu nuen eta diskoa aurkezteko kontzertuetarako bertako musikariekin osatu nuen taldea.
Kontzerturik izango da?
Momentuz ez daukat asmorik.
Non erosi daiteke diskoa?
Oraingoz Ekeko el Perro plataformaren bidez erosi daiteke, eta irailetik aurrera, betiko tabernetan ere jarriko dut salgai. 10 euro balio du.













