Markak hautsi eta hautsi dabilen ataundarra
Markak hausten jo eta su ibili da azken urteotan Zuhatz Sukia pisu jaurtitzaile ataundarra; bere lanerako grinak eta diziplinak emaitza erakargarriak ekarri dizkio. Espainiako txapelduna da.
Zuhatz Sukia Espainiako txapelduna, ikurriña goratuz.Hitza Zuhatz Sukia Imaz pisu jaurtitzaile ataundarra bere lekua egiten ari da euskal atletismoko promesa gazteen artean. 19 urte beteko ditu irailean, eta Txindoki-Jaso atletismo taldeko kidea da. Garapen ikusgarria izan du azken urteotan, eta iragan uztailean lortu du 20 urtez azpiko kategorian urrezko domina kolkoratzea. Espainiako txapeldun da gaur-gaurkoz ataundarra.
Nazioarteko atletismoan 2021eko martxoan egin zuen debuta, Oviedon, 16 urtez azpikoen estatukoan. 4 kiloko bola 13,38 metrora bota zuen orduan. Ordutik, beste hamaika garaipen lortu ditu; bere diziplinak emaitza nabarmenak ekarri dizkio dagoeneko Espainiako txapelketetan. Horren erakusle da Badajozen jokaturiko azken Espainiako Txapelketako erakustaldia. 6 kiloko bola 17,64 metro jaurti eta bere kategoriako garailea izan zen.
Sentsazio gazi-gozoak izan zituen txapelketa izan zen, ordea. Dioenez, txapelketara ohi bezain «gogotsu» joan bazen ere, txapelketan zehar ez zen aurreikusitako marken artean ibili: «Ez zen batere erraza izan ez nengoelako desio nituen marken inguruan, eta azkenengo tiro horretara ohi baino presio gehiagorekin iritsi nintzen». Gorabeherak atzean utzita, lehen postuak lanean jarraitzeko motibazioa eman diola ziurtatu du: «Lanean jarraitzeko dosia izan da, aurretik lanean pasatako urte guztien erakusleihoa».
Aitaren influentzia
Gaztetan atletismoa praktikatzen hasi bazen ere, Iker Sukia Esnaola aitaren influentziek pisu jaurtiketara hurbiltzea eragin zioten. Aitortu du kalean maiz galdetzen ziotela aitaren markak hausteko asmorik ba ote zuen: «Probatzen hasi nintzen eta gustuko nuen jarduera bat zela ikustean erabaki nuen sektore honetan konkretuki zentratzea».
Hala, Iker aita du, etxean bertan, erreferentea. Eta ez da gutxiagorako. Euskal jaurtitzailerik onena da: junior kategorian Europako hirugarrena, hamaika aldiz estatuko txapeldun, euskal markaren jabe…
Orain, baina, Zuhatz semea ere gehitu zaio trotera, eta bistan denez, podiuma etxean dute Sukiatarrek.
Indarra baino, teknika
Txapelketen aurre prestaketetan eta denboraldi guztian zehar ordu luzeak ematen ditu Zuhatz Sukiak Ordiziako Altamiran. Astean bost egunetan entrenatzen du bertan, eta txapelketako asteetan, berriz, astean hiru edo lautan. Indarraz harago, alor teknikoa lantzeko ariketak egiten dituztela azpimarratu du: «Askok pentsatzen dute indar gehiago izateagatik jaurtiketa hobea egiteko aukera handiagoa dagoela, baina errealitatetik urrun dagoen pentsaera da hori. Kontrara. Indarrak baino, alor teknikoak garrantzia handiagoa du».
Koordinazioa, abiadura eta esplositibitatea aipatu ditu pisu jaurtiketako faktore garrantzitsu gisa: «Pisu jaurtitzaileok egiten dugun esfortzua momentu oso motzean ematen da, baina abiadura azkarrean. Horregatik da ezinbestekoa alor horiek lantzen dituzten ariketak uztartzea eta gerora indarrarekin tartekatzea».
Lanean jarraitzea
Etorkizunari begira, zaila egiten zaio denboraldi berria aurreikustea: «Atletismoa kirol minoritarioa da eta mundu horren barruan are eta minoritarioagoa da pisu jaurtiketaren sektorea, horregatik zaila egiten zait etorkizuna imajinatzea». Orain arte bezala entrenatzen eta lanean gogotsu jarraitzeko asmoa du.
Datorren astean helduko dio denboraldi berriari; entrenatzen hasiko da berriz ere. Kategoriaz aldatuko du aurten eta aurreneko urtea «lasaiago» hartzeko «presiorik ez» duela nabarmendu du. Horrek ez du esan nahi, ordea, txapelketetarako aspirazioak izango ez dituenik. Sukiak badaki denboraldiko txapelketa garrantzitsuenak Espainiako pista estaliko zein aire libreko txapelketak direla, eta aparteko helburu berezietan zentratu gabe, horiek «ahalik eta egokien» prestatzen saiatuko dela ziurtatu du, «urte polita egin eta ahalik eta gehien disfrutatzeko».













