Ziklismo asteburu betea Goierrin
Afizionatu mailako proba bana jokatuko dira asteburuan Zegaman eta Beasainen. Zegaman zortzi goierritar ariko dira lehian, Beasainen zazpi.
Zegamako 92. San Bartolome txirrindulari probaren irteera, iaz. Aurten 193 ziklista ariko dira lehian, tartean bi herritar. Elkartu Nahi Otsailaren 22tik ekainaren 8ra Euskaldun Txapelketako hamahiru proba jokatu eta gero –horietako bi Goierrin, Lazkaon apirilaren 26an eta Seguran ekainaren 7an–, ekainaren 28az geroztik Lehendakari Txapelketako probetan lehiatzen ari dira elite eta 23 urtez azpiko mailako txirrindulariak. Hamazazpi lasterketa ditu azken txapelketa horrek, eta 11 jokatu dira dagoeneko.
Hurrengo biak Goierriko errepideetan izango dira: bihar, hilak 30, 93. San Bartolome saria Zegaman, eta etzi, hilak 31, 74. Loinatz proba Beasainen. Egutegiko 17. eta azken proba Ataunen da.
Bederatzi izan dira elite eta 23 urtez azpiko proba horietan lehian aritu diren goierritarrak. Euskadi Fundazioarekin Gari Ugarte legazpiarra, Ander Otegi zegamarra eta Kepa Ormazabal gabiriarra, Elektro-Alavesarekin Adur Arrizabalaga zegamarra eta Ethan Cabanillas segurarra, Eibar Hiriarekin Auritz Mendia lazkaotarra eta Markel Leunda ordiziarra, Telcomekin Hegoi Larrañaga lazkaotarra eta SIMArekin Oier Makibar lazkaotarra.
«Zortzi-bat lagun aritzen gara antolatzen, eta karrera egunean 70-80 inguru»
Oier Irastorza. Zegamako Elkartu Nahi elkartea
Ugartek profesionaletako ibiliari ekin dio abuztuan Euskaltel-Euskadirekin, eta horrenbestez, ez da asteburuan lehiatuko. Beste zortziak bai. Zegamarako zortzi goierritarrak daude izena emanda, eta Beasainerako Arrizabalaga ez beste zazpiak. Ziklista askok hartuko dute bietan ala bietan. San Bartolome proban 193 txirrindulari ariko dira eta 189 Loinatz proban. Txapelketako lider Gomur Cantabria Infinita taldeko Sergio Gutierrez espainiarra doa, nabarmenduta gainera. Taldeka, berriz, Caja Rural-Alea.
Bi probak festetatik kanpo
San Bartolome festak bukatu berritan jokatuko da Zegamako 93. proba. 09:00etan da, eta 113 kilometro ditu. Zazpi mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte: Lierni lau aldiz, Barbari bitan eta Minetako gaina behin. 12:00en aurrean helmugaratuko dira.
Elkartu Nahi txirrindulari elkartekoak dira antolatzaileak. «Zortzi-bat lagun aritzen gara, eta karrera egunean 70-80 inguru. Eskua hartuta gaude, eta hilabete batean-edo antolatzen dugu», adierazi du Oier Irastorzak. Goierriko lasterketarik beteranoenetakoa da Zegamakoa. «Pandemian izan zuen etena, bestela beti atera da aurrera».
«Festetan boluntario falta izaten genuen, eta lehen aldiz antolatu dugu data hauetan»
Xabier Aldanondo. Beasaingo Loinatz elkartea
Beasaingo proba festetako egitarautik kanpo jokatuko den lehen aldia izango da aurtengoa. «Festetan boluntario falta izaten genuen, eta lehen aldiz antolatu dugu data hauetan», nabarmendu du Loinatz elkarteko Xabier Aldanondok. Elkarteko 60 bazkide inguru, Ataungo eta Legazpiko elkarteetako kideak eta herriko boluntarioak aritzen dira lanean karrera egunean, denera ehun inguru. Proba 09:30ean abiatuko da, eta 131 kilometroko ibilbidea du. Atagoiti (4 aldiz), Olaberria bitan eta Mandubia behin igo beharko dituzte 189 ziklistek.
San Martin proba irailaren 21ean jokatuko da Ataunen
Ataungo 60. San Martin proba iragarritakoa baino hiru hilabete beranduago jokatuko da. Ekainaren 21erako zegoen jarrita, baina ekainaren 13an Goierrin izandako erauntsi eta ondorengo kalteek eragin zuten atzerapena. «Bideak hondatuta gelditu ziren, eta atzeratu egin behar izan genuen», zehaztu du Agauntza txirrindulari elkarteko Santi Osorok.
Lehendakari Txapelketaren azken proba izango da, eta Gipuzkoako txapelketa ere bai. «Horiek Espainiakoaren aurretik izan ohi dira, aurten horrela beharko du». Horren eraginez, sari emate ekitaldiak luze joko du aurtengoan Ataunen.













