Auzo bazkaria, patata tortilla lehiaketa eta musika, Brinkolako jaietako bigarren egunean
Badoaz aurrera aurtengo San Agustin festak, eguraldi eta giro bikainez lagunduta. Gaur gauean Odik eta Emaion izango dira jotzen eta abesten. Legazpira itzultzeko autobusa ere izango da, 03:00etan.
Brinkolan San Agustin jaietako bigarren eguna dute gaur, eta auzo bazkariak hartu du nagusitasuna, bertan 80tik gora bazkaltiar bilduta. Gehienak, auzotik kanpo bizi diren brinkolarrak izan dira, baina auzotar ugari ere bazen. Guztiek zuten jantzita aurten lehen aldiz kaleratu duten jaietako zapi zuria, Maider Egurenen diseinuari jarraituz egindakoa.
Bazkalondoren musika eta kantu saioa izan dute, Jokin Matxinanadiarekin bere akordeoiarekin girotuta, eta abesti askoren artean, Brinkolako ereserkia abestu dute.
Geltokiko plazan jarritako karparen babesean egin da bazkaria, baina hortik kanpo izan dira ekitaldi gehiago gaur. Hala, Armuño elkarteko plazan haurrentzako puzgarriak jarri dituzte, eta bolatokian ohiko bola txapelketa jokatu da.
Arratsaldea osatzeko, patata tortilla lehiaketa egin dute, eta txistorra eta sagardoa eman dituzte dastatzera. Buruhandiak ere ibili dira hara eta hona.
Egunari amaiera emateko, musika izango da. 22:30ean, Odik abeslari legazpairrak kontezrtua egingo du karpan, eta ondoren, Emaion taldeak erromeria girotuko du.
Gaur ere autobusa egongo da Legazpira itzultzeko, 03:00etan. Goizaldean trenak ere hasiko dira lanean.
Bihar da San Agustinen azken eguna izango da. Hemen egitaraua:
Abuztuak 31, igandea
11:00: Txistularien goiz deia.
17:00: Bola eta toka.
17:30: Ume jolasak Sorgintxulo taldearekin.
19:00: Alaitasuna errondailla.













