Brinkolan San Agustin jaietan daude murgilduta
Atzo iluntzean txupinazoa botata, igande iluntzera arte luzatuko den egitaraua dute aurretik. Gaur auzo bazkaria, haurrentzako puzgarriak, tortilla patata lehiaketa eta kontzertuak dituzte agendan.
Brinkolan lehertu da festa. Atzo iluntzean txalapartaz, bertsoz eta musikaz lagunduta botatako txupinazioak hasiera eman zien aurtengo San Agustin jaiei. Honako hitz hauekin eman zieten ongietorria aurtengo jaiei:
Pregoia dala ta hemen gaude berriz
txupina gure zai dagola
lanerako prestu ta festa egarriz
daude arnasa zein ohola
Batzuk dantza jolas bestek hitz eta pitz
jan ona kea dariola
erreka ginake jai giroa balitz
ura behar dun burdinola.
Mantso bada ere asmo on eta argiz
ibili ohi da karakola
harek bezekaxe buru ta belarriz
zaindu dezagun jai.eskola
Elkar jator hartuz pakez eta irriz
zilborkeririk ez inola
barneko gogoa kanpora ekarriz
ondo pasa festak Brinkola.
Armuño elkarteko kantu afariak, geltokiko plazako rock kontzertuak eta txosnako dj saioa izan ziren jaietako lehen eguneko protagonista nagusiak, auzora hurbildu zen gazte mordoarekin eta giro paregabearekin batera. Goizaldera arte luzatu da festa giro hori.
Gaur bigarren eguna izango dute. Eguerdian marrazki lehiaketa izango da, eta auzo bazkaria eta kantuz girotutako bazkalondoa ondoren. Patata tortilla lehiaketak, bola eta tokak eta txistorra eta sagardo banaketak jarraituko diote kantu festari, eta haurrentzako puzgarriak eta buruhandiak ere izango dira.
Gauean musika izango da berriz ere protagonista, oraingoa Odik abeslariarekin eta Emaion erromeria taldearekin.
Jaietako antolakuntzak gazteak Legazpira itzultzeko autobusa antolatu dute 104:00etarako, eta lehen trena 06:08an abiatuko da.
Bihar ere izango da festa giroa Brinkolan, iluntzen Alaitasuna errondailaren emanaldiak egitaraua itxi arte.
EGITARAUA
Gaur, larunbata
12:00: Marrazki lehiaketa.
14:00: Bazkari herrikoia.
17:30: Bola eta toka txapelketak.
18:00: Patata tortilla lehiaketa, eta txistorra eta sagardoa.
18:30: Puzgarriak, buruhandiak.
22:30: Odik eta Emaion.
04:00: Legazpirako autobusa.
06:08: Lehen trena.
Bihar, igandea
11:00: Txistularien goiz deia.
17:00: Bola eta toka.
17:30: Ume jolasak Sorgintxulo taldearekin.
19:00: Alaitasuna errondailla.













