Iker Perezek irabazi du Zegamako San Bartolome txirrindulari saria
Afizionatu mailako proba zen, Lehendakari txapelketarako puntuagarria.
Caja Rural-Alea taldeko Iker Perezek Uncillak irabazi du elite eta 23 urtez azpikoen mailako San Bartolome Txirrindulari Probaren 93. edizioa gaur eguerdian, Zegaman. Zegamako Elkartu Nahi antolatutako lasterketak 113 kilometroko luzera izan du, eta zazpi mendate puntuagarri ibilbidean zehar. Guztira 173 txirrindularik parte hartu dute, eta 124 iritsi dira helmugara.
Bakarrik iritsi da helmugara Iker Perez, 02:44:09ko denbora eginez, eta atzetik, Valverde Team-Ricardo Fuentes taldeko Jose Maria Pina eta Cajar Rural-Alea taldeko Pablo Lospitao sartu dira, biek 02:44:26ko denbora markatuz. Perezek mendiko saria ere jaso du, eta bere taldeak, Caja Rural-Aleak, taldekakoa.
Antolatzaileek sari berezi bat ere banatu dute mendikoa, taldekoak eta podiumarekin amaitu ondoren, herriko Adur Arrizabalagari. Elektro-Alavesa taldeko kidea da.
Proba hau Lehendakari txapelketarako puntuagarria zenez, sailkapeneko lehen postuan daudenei dagokien mailotak eman zizkien: 23 urtez azpikoen mailan, Jon Conejero da liderra, eta elite mailan, Sergio Gutierrez.
Argazkiak: Elkartu Nahi elkarte eta Tere Madinabeitia













